Gizartea -
Elkartasunaren Saria
Aita Marik Elkartasunaren Nafarroako Nazioarteko Saria jaso du
Epaimahaiak Giza Eskubideen alde egindako borrokagatik eta "bizitzak salbatzeko eta bakea eta justizia sustatzeko" egindako lanagatik aukeratu du aho batez.
agentziak | eitb media
Foru Erkidegoak Nafarroako XIX. Nazioarteko Elkartasun Saria eman dio astearte honetan Aita Mari Itsas Salbamenduko Elkarteari, 25.000 euroko ordainsariaren bitartez. Epaimahaiak saria Aita Mariri ematea adostu du aho batez, hamar finalisten artean.
Giza Eskubideen alde egindako borroka eta "bizitzak salbatzeko eta bakea eta justizia sustatzeko" Garapen Jasangarriko Helburuei egindako ekarpena balioetsi ditu epaimahaiak. "Lan humanitario ausart baten bidez", gerratik eta gosetik ihesi doazen Europako igarobideetan migratzaileei eta errefuxiatuei eskainitako laguntza azpimarratu du.
Elkartasunaren Nafarroako Nazioarteko Saria 2001ean sortu zuten Foru Gobernuak eta Laboral Kutxak, borondatezko lanaren eta lan solidarioaren balioak sustatzeko, eta herrialde eta herri txiroetako sektoreen aldeko gizarte konpromisoa sustatzeko helburuarekin. Horregatik, Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko lanean diharduten pertsonak, erakundeak edo Gobernuz Kanpoko Erakundeak saritzen dituzte.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako sailburuak adierazi duenez, lekualdatutako pertsonei -bereziki sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haurrei- arreta eta laguntza ematerako orduan elkarteak gobernuz kanpoko beste erakundeekin duen koordinazioa ere aintzat hartu du epaimahaiak.