Gizartea -
indarkeria matxista
Fiskaltzak 47 urteko zigor eskariari eutsi dio Abantoko krimen bikoitzagatik akusatutako gizonaren kontra
Akusazioen arabera, hiltzaileak emaztea eta alaba hil zituen aurrez pentsatutako gaiztakeria ekintza batean, defentsarako aukerarik gabe utziz. Gaineratu dute krimen matxista bat izan zela, eta traba egiten ziotelako hil zituela.
EITB MEDIA
Fiskaltzak 47 urteko espetxe zigorra eskatu du 2020ko martxoan Abanto Zierbenan (Bizkaia) emaztea eta alaba hiltzeagatik akusatutako gizonarentzat, uste baitu "ezin dela beste modu batera ulertu" hilketa "haiekin amaitzeko modu odoltsu hori". Salatu duenez, emakumeak "traizioz hil zituen" defendatzeko inolako aukerarik eman gabe.
Argi du, gainera, akusatuak "kontzientzia eta borondate osoz" jokatu zuela. "Gaiztakeria existitzen da, eta ez du gaixotasunarekin zerikusirik", adierazi du.
Alde guztiak ostegun honetan ari dira Bizkaiko Auzitegian beren ondorioak azaltzen. Epaiketa irailaren 12an abiatu zen. Gogorarazi behar da hilketa matxista bikoitza gertatu eta biharamunean topatu zituztela hilotz 54 eta 24 urteko bi emakumeak Bizkaiko udalerriko etxebizitza batean. Gorpuek indarkeria zantzuak zituztela eta, ikerketa zabaldu zuen Ertzaintzak, eta egun berean atxilotu zuen gizona, hiltzailea zelakoan.
Epaiketan akusatuak esan zuenez, "ezin nuen gehiago, eta emazte-alabek ezingo lukete ni gabe iraun, horregatik hil nituen". Izan ere, azaldu zuen finantza arazo larriak zituela eta, ondorioz, emakumeok "galzorian" utziko zituela; "gainera, emaztea itsu geratu behar zen", erantsi du.
Fiskaltzak eta Estatuko abokatuak uste dute akusatuak, biktimen senarrak eta aitak, hurrenez hurren, bi erailketa delitu egin zituela azpikeriaz, ahaidetasun astungarriarekin bi kasuetan, eta genero astungarriarekin emaztearenean. Horregatik, 24 urteko espetxe zigorra eskatzen dute amaren hilketagatik, eta 23 urtekoa, alabaren hilketagatik, eta, ondoren, zaintzapeko askatasuna, 10 urtez.
Akusazio partikularrak, berriz, 25 urteko eskaera egin du heriotza bakoitzeko. Azpikeriaz egindako bi erailketa delitu gertatu direla uste dute, baina ahaidetasun- eta genero-astungarriak bietan gertatzen direla uste dute.
Ministerio Publikoaren ordezkariak "biktimen memoriagatik justizia egiteko eta akusatua espetxeko hesien artean ahalik eta denbora gehien egotea bermatzeko" eskatu dio epaimahaiari. "Ez dago esaldi matxistagorik" akusatuak esan zuena baino. Uste du hitzotan argi ikusten dela akusatuak emakumeekiko zuen jarrera "zapaltzailea".
Estatuko Abokatutzaren ordezkariaren esanetan, "kasu hau ez da eromen ekintza bat, baizik eta bere sustraiak gaiztakerian hondoratzen dituena"; familiaren abokatuak, berriz, ziurtatu du bi biktimak "izuz" bizi zirela akusatuarekin, "infernu bat" zela, sozialki isolatuta eta une oro kontrolatuta baitzeuden.
Defentsak, bere aldetik, giza hilketa izan zela bai, baina nahasmendu psikikoaren aringarria eskatu du, akusatua "substantzien mende zegoelako", edariek edo toxikoek eragindako "intoxikazio" egoeran, eta arau haustearen aitorpena egin duelako. Horrela, zortzi urteko espetxealdia proposatzen du delitu bakoitzeko, zigorrak aldi berean betetzearekin batera.