Gizartea -

Indarkeria matxista

Benidormen izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur-biharretan

Biktima Soraluzekoa (Gipuzkoa) zen sortzez, baina Elgoibarren bizi izan zen. Han egingo dute, gaur bertan, hilketa salatzeko bilkura. Bihar, berriz, jaioterrian antolatu dute. Soraluzeko alkateak adierazi zuenez, biktima "ezaguna" zen herrian eta albisteak "atsekabea" sortu du.

Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea.
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benidormen (Alacant) atzo izandako emakume gipuzkoar baten hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan. Elgoibarren —han bizi izan zen biktima hainbat urtetan zehar— gaur, asteartearekin, egingo dute bilkura, eta Soraluzen —hangoa zen sortzez emakumea— bihar, asteazkenarekin.

68 urteko emakume soraluzetarra hilotz topatu zuen atzo Benidormeko Udaltzaingoak, bikoteak Alacanteko herrian zuen etxean. Espainiako Poliziaren arabera, 73 urteko senarrak hil zuen labanaz. Ondoren, betiere ikerlarien arabera, bere buruaz beste egin zuen autoa kamioi baten kontra jota.

Soraluzeko Udalak bere "salaketa gogorrena" egin du, eta biharko, asteazkenarekin, elkarretaratzea deitu; 19:00etan izango da Plaza Berrian.

Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak Euskadi Irratian esan duenez, emakumea "ezaguna" zen herrian, gaur egun bertan bizi ez bazen ere. Hilketak "atsekabea eta nahigabea" eragin ditu udalerrian, aitortu duenez. "Soraluzetarrei biktimaren familiari elkartasuna eta laguntza emateko dei egiten diet", nabarmendu du.

Bestalde, Elgoibarko mugimendu feministak gaitzespen bilkura egingo du gaur, asteartearekin.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Elgoibar albisteak Gizartea albisteak Indarkeria matxistaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Soraluze azken ordukoa Matxismoa gaur