Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Jaime Tapiaren ustez, bi legealdi beharko dira espetxe zerbitzua Jaurlaritzaren ereduaren arabera antolatzeko
Eusko Jaurlaritzaren espetxeetako aholkulariaren arabera, langileen gabezia dago eta funtzionarioen artean gehiengoa duen sindikatuarekin adostu dute bi urteko epean hutsune horiek betetzea.
O. A. | EITB MEDIA
Datorren larunbatean urtebete izango da espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zela. Urtemuga horren atarian, Jaime Tapia magistratu eta Jaurlaritzaren espetxeetako aholkulariak 12 hilabeteotako balantzea egin du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Tapiaren esanetan, argiak ilunak baino gehiago dira, aurrerapenak egin dira, nahiz eta "argi-ilunak ere egon badauden". Ildo horretan, aurreikusi du bi legealdi beharko direla espetxe zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren ereduaren arabera antolatzeko.
Magistratuaren hitzetan, eskumena jasotzerako jakina zen langile falta zegoela, baina horretarako funtzionarioen lanpostuen zerrenda bat egin behar da, eta "hori ez da egun batetik bestera egiten". Arazo horri erantzun bat emateko asmoz, funtzionarioen artean gehiengoa duen sindikatuarekin adostu dute bi urteko epean hutsune horiek betetzea.
Eusko Jaurlaritzak 457 gradu progresio eman ditu urtebetean, eta horietako batzuk, 25, ETArekin lotura duten presoei eman dizkiete. Horrek sektore batzuetan sortu duen harrabotsaz galdetuta, Tapiak azaldu du adierazpen askatasuna errespetatzen duela baina iritzi horiek ez dutela eraginik bere eguneroko lanean. Are gehiago, presoei emandako gradu progresioak ondo arrazoituta eta legearen barruan daudela nabarmendu du.
Oraindik ere EAEtik kanpo dauden ETAko presoak lekualdatzeko eperik ba ote dagoen galdetuta, ezetz erantzun du.