Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Barakaldon igandean gertatutako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza
Emakumeak salatu duenez, erasoa igande gauean izan zen. Dena dela, Segurtasun Sailak ez du gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiagorik eman: ez ordua, ez lekua, ezta kasuarekin lotutako beste zehaztasunik ere.
EITB MEDIA
Igande gauean Barakaldon (Bizkaia) emakume bati egindako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza, Segurtasun saileko iturriek adierazi dutenez.
Antza denez, gertakariak joan den igandean gertatu ziren, baina ez dute zehaztu ez noiz, ez non gertatu zen, eta kasuari lotutako bestelako xehetasunik ere ez dute eman.
Azaldu dutenez, biktimak salaketa jarri du, eta, ondorioz, kasuari lotutako ikerketa zabaldu dute. Oraingoz, baina, ez dago atxiloturik.
Ez da Barakaldon gisa horretako eraso bat gertatzen den aurreneko aldia; izan ere, irailaren 4an, orain aste gutxi, Ertzaintzak beste ikerketa bat zabaldu zuen igande goizaldean gertatutako sexu eraso baten harira.
Irailaren 22an Argitan talde feministak eraso matxisten aurkako elkarretaratzea egin zuen Barakaldon, udan zehar izandako erasoak salatu asmoz.