Gizartea -
Barakaldo
Cristinaren bikotekidearen esanetan, neska-laguna 'izututa' bizi zen
Barakaldon ustez bikotekide ohiak hil zuen neskaren mutil-lagunak deklaratu du gaur. Erasoa "ustekabean" jasan zutela adierazi du, eta ez zuela erreakzionatzeko denborarik izan gaineratu du.
Erredakzioa
Cristina Estebanez 2010eko abenduaren 6an Barakaldon ustez bikotekide ohiak hil zuen neskaren mutil-lagunak deklaratu du epaiketaren hirugarren saioan.
Neska gaztea "izututa" bizi zela adierazi du, bikotekide ohiaren beldur zelako, eta hori dela eta, "hilabete batzuk" Barakaldotik kanpo egin zituztela esan du hilketaren unean neskaren bikotekidea zen gazteak. Akusatuari urruntze agindua ezarri ziotenean itzuli zirela herrira erantsi du; hilketa jazo baino hilabete lehenago, alegia.
Barakaldoko hilketa argitzeko Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan hilketaren unean Cristinaren bikotekidea zen mutilak erasoa "ustekabean" jasan zutela adierazi du eta akusatuaren erasoari erantzuteko "denborarik" ez zuela izan azaldu du.
Hilketa 2010eko abenduan jazo zen. Fiskaltzaren arabera, biktimarengandik urruntzeko agindua izan arren, akusatua soka batzuetatik teilatutik zintzilikatu eta neska-lagun ohiaren etxean sartu zen, balkoiko leiho bat indarrez irekita. Ondoren, etxeko logela batean ezkutatu zen, Cristina eta haren mutil-laguna iritsi ziren arte.
Biktimaren bikotekideak akusatua ezagutzen zuela deklaratu du, baina ez zirela lagunak azaldu du.
"Cristina ezagutu nuenean, neska otzana zen", esan du, eta "akusatuaren etengabeko tratu txarrak jasaten zituen", azpimarratu du.
Halaber, ustezko hiltzaileak neska-lagun ohiak beste mutil batekin harreman bat hasi zuela jakin zuenean, autoaz berak lan egiten zuen tailerraren aurretik pasatzen hasi zela azaldu du. Egun batean, akusatua autotik prismatiko batzuekin Cristinaren etxea zaintzen ikusi zuela ere azaldu du. Hain zuzen ere, egun horretan erabaki zuen biktimak urruntze agindua eskatzea, horren arabera.