Gizartea -

INKESTA

Udalerri euskaldunetan gazteek gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituzte gehienbat ikus-entzunezkoetan

Euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintzaren aldeko apustua premiazkoa dela esan du UEMAk, hizkuntzaren erabileran atzerapausoak eman nahi ez badira. "Go!azen" telesaila jarri da adibidetzat. Eskaintza ona denean, gazteek kontsumitzen dute euskaraz izanda ere.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikus-entzunezkoek eragin zuzena dute gazteen hizkuntza gaitasunean zein ohituretan, eta, hainbat eremutan, euskararen erabileran atzerapausoak somatzen ari dira.  Gazteek kontsumitzen dituzten eduki gehienak gaztelaniaz sortutakoak dira alde handiz. Sortzaileak eta erreferenteak falta ditu euskarak sare sozialetan, bideo jokoetan eta, oro har, pantailen atzean. Euskaraz eskaintza ona denean, gazteek produktu hori kontsumitzen dute. EITBren Go!azen telesaila da horren adibide argia. Ondorioz, premiazkoa da ikus-entzunezkoen arloan euskarazko edukien aldeko apustu sendoa egitea, eta horretan, EITBk ardura handia dauka, eta baita RTVEk ere. Kontsumoa bultzatu nahi bada, eskaini egin behar da.

"Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan" goiburupean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egin berri duen ikerketa batetik ateratako ondorio nagusiak dira. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituzte emaitza horiek, gaur, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Gari Goikoetxea ikerketa egin duen teknikarietako batek.

Mankomunitateko kide diren udalerrietako eskoletan —LH 4tik batxilergoko 2. mailara— egindako 11.600 inkestetan jasotako emaitzekin osatu dute txostena. Gazteek ikus-entzunezkoetan egiten duten kontsumoa aztertzea izan da helburua, "horren argitan, hizkuntza politika egokiak lantzeko". Telebista eta plataformak ez ezik, sare sozialak, musika eta bideojokoak ere aztertu dira, eta horrekin batera, ikasleen hizkuntza ezaugarriei buruzko datuak bildu dira.

UEMAko udalerrietan egin da ikerketa, eta, beraz, gune soziolinguistiko jakin bateko gazteen ohituren argazkia da gaur zabaldutakoa. Egileek nabarmendu dutenez, "ikus-entzunezkoen kontsumoaren abiadura kontuan hartuta, argazkia ez da estatikoa eta ezinbestekoa da aldian-aldian gaurkotzea".

Sare sozialena da aztertu den ataletako bat. Udalerri euskaldunetako gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala Youtube da (% 85), eta atzetik ditu Whatsapp (% 74,1), Tiktok (% 65,3) eta Instagram (% 56).  Hizkuntza erabilerari dagokionez, sare sozialetako jardunean gaztelania da hizkuntza nagusia alde oso handiz: Youtuben, esaterako, edukien hamarretik zazpi gazteleraz kontsumitzen dituzten bitartean, euskarazkoak ez dira % 10era ere iristen. Hori bai, edukiak sortzerako orduan, Instagramen, adibidez, euskarazko edukien sorkuntza % 50ekoa da.

Telebistari dagokionez, berriz, sei ikasletik batek adierazi du ez duela telebistarik ikusten, eta kopurua areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala. Batxilergoan, adibidez, ia lautik batek ez du ikusten telebista. Ikusten dutenen artean, ETB1 da ikasleek gehien aipatutako katea, alde esanguratsuarekin. Lehen hizkuntzarekin lotura estua dauka ETB1en kontsumoak: euskara lehen hizkuntza dutenen artean dauka irismenik handiena, eta nabarmen jaisten da gainerako hiztun tipologietan. Erdarazko kateen artean, honako hauek dira gehien aipatuak: Telecinco, Clan, FDF, ETB2 eta Neox. Halaber, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, Clan katea ikusten dutenak ETB3 ikusten dutenen bikoitza dira.

Bestalde, bost ikasletatik lauk plataformak erabiltzen dituzte, eta horietan kontsumitzen diren edukietan, gaztelania da nagusi. Parte hartu duten lau ikasletatik hiruk azken telesaila edo marrazki biziduna gaztelaniaz ikusi du. Euskararen gainetik daude beste hizkuntzak ere. Go!azen (% 45)  telesaila dago bakarrik gehien ikusitako telesailen zerrendan, eta euskarazko telesailetan gehien ikusten diren hurrengoak % 10etik behera daude: Altsasu ( %8), Ihesaldia ( %4) eta Alardea ( %3). La casa de papel da gehien ikusitakoa (% 54).

Era berean, bideojokoen kontsumoa gaztelaniazkoa da batez ere: bideojokoak erabiltzen dituztenen artean, bostetik lauk adierazi dute gaztelaniazko jokoetan aritzen direla gehienbat. Euskarazkoen erabilera % 4tik beherakoa da, eta euskarazko bideojokoak baino gehiago erabiltzen dituzte beste hizkuntza batzuetakoak.

Azkenik, bi dira musika entzuteko gazteek erabiltzen dituzten plataforma nagusiak: Youtube eta Spotify, eta hor ere, gaztelania da hizkuntza nagusia; erdiek entzuten dute musika gaztelaniaz, eta beste erdian, paretsu daude euskaraz eta gainontzeko hizkuntzetan sortutako musika. Lehen Hezkuntzan dauden ikasleek entzuten dute euskarazko musika gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Eusko Legebiltzarra argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia