Gizartea -
EGURALDIA
Abisu horia ezarri dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa ipar-ekialdean, euriteengatik
Ipar Euskal Herrian alerta laranja dago zaparradengatik eta abisu horia haizeteengatik eta ekaitzengatik. Euskalmeten arabera, 80 metro koadro pila daitezke 24 orduan.
EITB MEDIA
Euria barra-barra izango dugu datozen egunotan Euskal Herrian. Fronte batek eta latitude altuetatik etorritako aire masa hotzak zaparradak utziko ditu denean. Iragarpena aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak eta Meteofrance frantsesak abisu horiak ezarri dituzte euriteengatik. Are gehiago, Ipar Euskal Herrian alerta laranjara igo dute ohartarazpena.
Bi abisu hori ezarri ditu gauerdian Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Bizkaian eta Gipuzkoan. Bata, prezipitazio iraunkorrengatik ezarri dute, eta gauerdira arte egongo da indarrean; metroko karratuko 80 litro botatzea espero da 24 orduan. Beste abisua, berriz, euri-jasa handiengatik aktibatuko da, eta hori eguerdira artekoa izango da; ordubetean metro karratuko 15 litroraino pilatuko omen dira hainbat lekutan, eta ekaitz arriskua ere handia da, batez ere, kostaldean.
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak iragarri duenez, EAE osoan izango da egun euritsua, baina kostaldean botako ditu zaparrada mardulenak. Ipar-mendebaldeko haizeak ere gogor joko du goiz partean, eta termometroek behera egingo dute; beroenak 14-17 graduren bueltan geratuko dira.
Ostiral goiza ere bide beretik joango da, baina orduek aurrera egin ahala atertzera egingo du.
Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere abisu horia aktibatu du, baina Foru erkidegoaren ipar-ekialdeari bakarrik eragingo dio, hots, Kantauri Isurialdeari. Abisua egun guztian egongo da indarrean, eta 12 orduan 40 mm pilatzea espero da.
Azkenik, Meteofrancek alerta laranjapean jarri ditu Pirinio Atlantikoak, tartean Ipar Euskal Herria. Iragarpenaren arabera, 60-80 mm meta daitezke, eta mendebaldeko hainbat txokotan, 100-110 mm ere izan daitezke. Halaber, haize gogorrarengatik eta ekaitzengatik abisu horiak ezarri ditu. Errobi eta Ugarana arroak maila horira igaro dira.