Gizartea -
Hirugarren edizioa
Euskaraldian izena emateko epea, zabalik: "Aurten txapa emango dugu, eta txapak emango ditugu"
Euskararen aldeko ariketa sozial erraldoia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da. "Euskaraldiaren sukar hori zabaltzen ari da", ohartarazi du Amonarrizek. "Jendetsua eta gogotsua izatea espero dut", esan du Zupiriak. "Oso bilakaera oparoa izan du, bereziki Nafarroan", erantsi du Ollok.
EITB Media
Euskaraldiaren hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek izena emateko epea gaur, irailaren 28an, ireki da, eta ekimenaren arduradunek horren berri emateko ekitaldia egin dute Bilbon.
Hain zuzen, ekitaldia Kafe Antzokian izan da, 19:00etan, eta, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak parte hartu dute.
"Aurten txapa emango dugu, eta txapak emango ditugu", adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak ekitaldian. "Euskaraldia arigune masibo bat bihurtu nahi dugu Euskal Herri osoan", gaineratu du.
Amonarrizen ahotan, "jendeak hizkuntza ohiturak aldatzen ditu, horretarako espazio atsegin bat ikusten duenean". "2022a euskararen urtea izatea lortu behar dugu", aldarrikatu du euskaltzaleak.
Udan atseden hartu ondoren, "Euskaraldiaren sukar hori zabaltzen ari da", ohartarazi du Amonarrizek. "Hau ez da euskararen aldeko kanpaina bat, hau da norberak, entitate eta pertsona bakoitzak, euskararen alde pausoak emateko proposamen eta ariketa sozial bat da", azaldu du. "Euskararen erabilera areagotzea posible da", gaineratu du, itxaropentsu.
Bingen Zupiria Kultura sailburuaren ahotan, "Euskaraldian gauzak antolatzeko modu bat sortu genuen, lankidetzan". Azpimarratu duenez, "dinamika berriak sortu ziren"; "antolaketa horrek eman zigun pertsona asko deskubritzeko aukera, ezagun berriak".
"Orain aro berri batean gaude, musukorik gabe, elkartzeko moduan gara", gogorarazi du sailburuak. "Jendetsua eta gogotsua izatea espero dut", erantsi duenez. Bestalde, ariguneen garrantzia nabarmendu du Zupiriak. Zentzu horretan, 2020an hainbat arigune identifikatu zituztela azpimarratu du. "Oinarri bat ezarri dezakegu, horren gainean plangintzak egiteko, eta euskararen erabilerari eusteko", uste du.
Era berean, Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, elkarlanari dagokionez, balorazio ona egin du. "Aldaketa nabarmenak izan dira", esan du.
"2020ko edizioa ospatu genuen pandemian, Nafarroan ia-ia 700 entitatek eman zuten izena, eta 6.000 pertsona baino gehiagok", gogorarazi duenez. "Oso bilakaera oparoa izan du hiru edizio hauetan, bereziki Nafarroan", nabarmendu du kontseilariak.
Hirugarren Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, eta, aurrekoetan bezala, helburu nagusia euskararen erabilera handitzea izango da, herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta. Ekimenak helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.