Gizartea -
Kanada
Postaz gorpuzkiak bidaltzen dituen aktore porno baten bila dabiltza
Polizia atzo maleta batean aurkitu zuten gorputz-enborraren eta Alderdi Kontserbadorearen egoitzara (Ottawa) postaz bidali zuten oinaren arteko lotura bilatzen ari da.
Erredakzioa
Montrealgo Poliziak Eric Clinton Newman, “Luka Rocco Magnotta”, aktore pornoa atxilotzeko agindua eman du asteazkenean, gizon bat hil eta gorpua zatitu duelakoan. Haren gorpuzkiak hainbat helbidetara bidali zituzten, postaz, Kanadako Alderdi Kontserbadorearen egoitzara, besteak beste.
Ian Lafreniere Montrealgo Poliziako komandantearen arabera, biktimak (gizonezko bat) bere hiltzailea ezagutzen omen zuen, eta Newmanen berri dutenei agintariei lehenbailehen horren berri emateko eskatu die.
Polizia atzo maleta batean aurkitu zuten gorputz-enborraren eta Alderdi Kontserbadorearen egoitzara (Ottawa) postaz bidali zuten oinaren arteko lotura bilatzen ari da. DNA probaren emaitzak jaso bitartean, Ottawara bidalitako gorpuzkiak Montrealetik igorri zituztela baieztatu dute.
Astearte goizean Cote-des-Neiges auzoko apartamentu baten atzean zegoen zabor multzo batean aurkitutako gorputz-enborra gizonezko batena dela esan du Lafrenierek, baina oraindik ez dute hildakoa identifikatu.