Gizartea -
Atxiloketa
Droga trafikoagatik atxilotutako ertzainak 300.000 euro inguru lortu zituen 2021ean bere jarduerarekin
Etxean 55 kilo kokaina aurkitu zizkioten; merkatuan, 10 bat milioi euroko balioa zuten. Ikerketa 2021ean hasi zen, eta Segurtasun Sailak zehaztu du loteriako dezimo saritu bat erosi zuela dirua zuritzeko.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak uste du ostegunean Bilbon droga trafikoagatik atxilotutako ertzainak 300.000 bat euro lortu zituela 2021ean delituzko ekintzarekin, ostiralean Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Legebiltzarraren atarian adierazi duenez. Ertzainaren atxiloketarekin amaitu den ikerketa 2021ean hasi zen, eta etxean aurkitu zizkioten 55 kilo kokainaren merkatuko balioa 10 milioi eurokoa zen. Segurtasun Sailak zehaztu du ertzainak loteriako dezimo saritu bat erosi zuela, dirua zuritzeko.
Testuinguru horretan, Segurtasun Sailak azaldu du 2020an izan zituela lehenengo zantzuak susmatzeko ertzaina, 49 urtekoa bera, delituzko ekintzaren bat egiten ari zela. Ikerketa Barne Arazoetarako Buruzagitzak hartu du bere gain, Drogen Bilboko Taldearekin elkarlanean, eta, Erkorekak azpimarratu duenez, "luzea, zaila eta nekeza" izan da.
Ertzainak Madrilen bereganatzen zuen droga, kopuru handietan, eta, hortik, Euskadi eta Nafarroa hornitzen zituen, bai eta Errioxa, Aragoi eta Kantabria. Segurtasun neurri "handiak" baliatzen zituen; ibilgailuan, sistema konplexua zuen droga kopuru handiak ezkutatzeko, 40 bat kilo ere.
Etxean, arestian esan bezala, 55 kilo kokaina aurkitu zizkioten. Halaber, ertzainak 20.000 bat euro eskudirutan topatu zituen.
Operazioan, horrez gain, beste lagun bat ere atxilotu dute. Ertzainarekin batera zebilen lanean, eta aurrekariak zituen lesioengatik, baina ez zuen aurrekaririk osasun publikoaren aurkako deliturik egiteagatik, Erkorekak esan duenez.