Gizartea -

KAPARRAK

"Kapar baten ziztadak alterazioak eragin ditzake nerbio-sisteman, bihotzean edo artikulazioetan"

Sintomak infekzioa gertatu eta bi astera hasten dira, Miguel Angel Goenaga Donostialdea ESIko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko medikuak zehaztu duenez.

Kapar bat. Irudia: Pixabay
Kapar bat.  Irudia: Pixabay
Kapar bat. Irudia: Pixabay

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lyme edo borreliosiaren gaixotasuna "bakterio batek (Borrelia burgdorferi) eragindako gaixotasun konplexu bat da. Kapar gogor bezala ezagutzen dira, eskuteloa (scutellum) deiturikoa duten espeziekoak direlako (Ixodes ricinus, batez ere, Europan bizi dira)", azaldu du Miguel Angel Goenaga Donostialdeko ESIko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko medikuak

Zenbait azterlanek ondorioztatu dutenez, klima-aldaketaren eta tenperaturen igoeraren ondorioz kaparrak ugaritu egin dira, eta, ondorioz, kapar horren ziztadarekin lotutako ospitaleratzeen kopurua handitu egin da. Euskadin, % 232 kasu gehiago izan dira azken 15 urteetan; Nafarroan, % 363 gehiago.

Sintomak infekzioaren bilakaeraren arabera desberdinak dira: "Ziztadaren tokian agertzen den orban gorrixka esanguratsua (eritema migrans esaten zaio), ohikoena dena eta lekuz alda daitekeena, edo behin azaletik barrualdera igaro ondoren sortzen direnak", nabarmendu du. Goenagak dio nerbio-sistema periferikoari edo zentralari eragin diezaiokeela, baita bihotzari edo artikulazioei ere.

Kaparraren ziztada

Jon Badiola 42 urteko urretxuarra da, nahiz eta Etxarri-Aranatzen bizi den. Sei aste egin zituen Iruñeko Ospitalean, kapar baten ziztadaren ondorioz. 2018ko otsailean bere bizitza goitik behera aldatu zen: "Egun batetik bestera, gaizki ikusten hasi nintzen", dio. "Hasieran medikuek bertigoak zirela uste zuten, baina sintomek okerrera egin zuten. Ikusmena galtzen, zorabiatzen eta botakaka ere hasi nintzen, eta pixkanaka oreka ere galtzen", aitortu du, eta berehala neurologiako unitatean sartu zuten.

Froga ugariren ondotik, ez zen diagnotiko argirik iristen. "Dena ondo zegoela esaten zidaten, baina sintomak okerrera zihoazen", dio Badiolak. "Borreliaren proba ere egin zidaten, Lyme gaixotasuna detektatzen duena, baina negatibo eman nuen. Une horretan ez nuen infekziorik", adierazi du. Etsipenak jota, horren anaiek Euskadiko Lyme gaixotasunaren elkartearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, gaixotasunaren arrazoia kapar baten ziztada izan zitekeelaren susmoa baitzuten.

Badiolatarrak ehizara eta mendira maiz joaten dira. "Lau hilabete lehenago, 2017ko udazkenean, bi kapar kendu nituen gorputzetik, baina orduan ez genion garrantzirik eman", nabarmendu du. "Egia da azken eguberri haiek gaizki pasatu nituela, etengabeko gripe moduko batekin bezala", gogoratu du. Elkartean mediku kantabriar bat gomendatu zieten, eta hark eskatu zien analisi zehatz batzuk egiteko ospitalean: "Positibo eman nuen Bartonella eta Rickettsian, kaparrek transmititutako beste bakterio batzuetan", azaldu du, "beraz, neurologiatik infekziosoen unitatera pasatu ninduten".

Askok gaixotasun isila deitzen diote; izan ere, hasieran larruazaleko lesio tipiko hori antzematen ez bada, gainerako sintomak denbora bat igaro ondoren ager daitezke, "eta horrek zaildu egiten du gaixotasun horrekin lotura epidemiologikoa izatea", aitortu du gaian aditua den medikuak. Diagnostiko goiztiar bat eginez gero ez dago arazorik eta tetraziklinaren antibiotiko tratamendu batekin hiru hilabetean senda zaitezke. Baina tratamendua atzeratzen bada, ondo sendatzeko aukerak murrizten dira, eta kroniko bihur daiteke, Badiolaren kasuan bezala.

Immunoglobulina eta kortikoideak eman ondoren, urretxuarraren osasunak hobera egin zuen eta martxoaren 22an ospitaletik atera zen. Gero, Kantabriako medikuak aginduta, antibiotikoak hartu zituen hilabetez. Guztiz sendatzeko, gainera, Bruselara jo zuen tratamendu batzuk egitera, eta han berretsi zioten Lyme gaixotasun kroniko arina zuela. "Urtebetez hiru aldiz joan nintzen Belgikara, baina oso garestia zen, botikak, bidaiak... beraz, behin ondo nengoela ikusi ostean, bisitak uztea erabaki genuen", aitortu du Badiolak.

Gaur egun ondo dago eta bere bizitza berreskuratu ahal izan du, nahiz eta onartzen duen garai batzuetan "pattalaldiak" izaten dituela.

Zer egin behar dugu kapar batek ziztatuz gero, eta nola sahiestu?

Donostialdeko ESIko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko medikuak adierazi duenez, Lyme gaixotasunaren kasu partikularrean orduak behar dira Borrelia organismora pasatzeko, "beraz, teorikoki gaixotasun hau ekidin daiteke kaparra azkar eta seguru kenduz gero". Horregatik, dio, garrantzitsua da gorputza aztertzea kaparrak dauden lekuetan jarduerak egin ondoren, eta kaparrak detektatuz gero, behar bezala ateratzea.

Nola kendu kaparra larruazaletik

Medikuaren arabera, lehenik eta behin oso garrantzitsua da kaparra zuztarretik ateratzea: "Burua ez da larruazalean txertatuta utzi behar, eta ondo egiteko pintza batzuekin egitea komeni da", azpimarratu du. "Hobe da kaparra osorik modu seguruan kentzea partzialki baino, eta, horregatik, egiten ez badakigu, hobe da zentro batera joatea", azaldu du. Komeni da, gainera, pobidonarekin edo klorhexidinarekin desinfekzio lokala egitea, eta, ondorengo sei asteetan, gutxienez, jarraipen bat egitea; sukarra kontrolatu edo larruazalaren egoera zaindu.

Aire librera ateratzen garenean eta kaparrak daudela sumatzen badugu, Goenagak gorputzaren zatirik handiena estaltzea gomendatzen du, "hau da, txanoa, mahuka luzeko alkandorak eta praka luzeak erabiltzea, hanka agerian gera ez dadin, kaparrak bereizteko koloretako arropa erabiltzea, uxagarriak erabiltzea, eta, ondoren, behin etxera iritsitakoan, gorputzeko alde desberdinak aztertzea (buruko larrua, besapeak, izterrak, etab.).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erizaintza