Gizartea -
Koronabirusa
Behera egin du EAEn covid-19ak jota hildakoen kopuruak, baina gainerako adierazleek gora egin dute
Bost pertsona zendu dira, joan den astean baino sei gutxiago. Erietxeetan, 139 gaixo daude gela arruntetan, 32 gehiago, eta 7, ZIUetan, iragan astean baino bi gehiago. R0ak 1,10a gainditu du.
E. G. | EITB Media
Azken astean, bost pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) koronabirusaren ondorioz, joan den astean baino 6 gutxiago. Heriotza kopuruan beherakada izan da, beraz, baina gainerako adierazleek gora egin dute. Hala, hazi egin dira ospitaleratutakoen eta antzemandako positiboen kopurua, baita R0 indizea ere (positibo batek zenbat lagun kutsatzen dituen adierazten du).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratu ditu asteko buletin epidemiologikoaren datuak, irailaren 26tik urriaren 2ra doan asteari dagozkionak.
Buletinaren arabera, igo egin dira pandemiaren adierazle nagusienak, eta, asteon, erietxeetako presioan ere igarri da. Guztira, 146 pertsona daude Osakidetzako ospitale sarean ingresatuta, duela astebete, 112 ziren bitartean. Gela arruntetan 139 daude (+32) eta ZIUetan, 7 (+2).
Antzemandako positibo kopuruak ere gora egin du, eta 1.000ko langa gainditu du (zehazki, 1.067 izan dira). Joandako astean, 884 ziren.
Azkenik, oinarrizko birsorkuntza tasak, R0 delakoak, hazten jarraitzen du. Epidemiologoek onargarria jotzen duten mugatik gora (1) dago aspaldi indizea, baina asteon 1,10a ere gainditu du (1,11). Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban batez bestekoaren gainetik dago, hurrenez hurren, 1,17 eta 1,15ean. Bizkaian, aldiz, 1,08an dago.