Gizartea -

KONGRESUA

Trans legea eta abortuaren erreforma eztabaidagai Kongresuan

Angela Rodriguez Estatuko Berdintasun idazkariak asteon esan duenez, gaurko eztabaida "zarata handirik gabe" igarotzea espero du, eta herritar guztien "eskubideak bermatzen jarraitzeko" itxaropena agertu du.

Trans legearen aldeko elkaretaratzea, Kongresuan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Trans legearen aldeko elkaretaratzea, Kongresuan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Trans legearen aldeko elkaretaratzea, Kongresuan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trans legea eta abortuaren erreforma izango dituzte gaur eztabaidagai Espainiako Diputatuen Kongresuan, PP eta Vox alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak direla eta. Azken orduko ezusterik ezean, gehiengoak atzera botako ditu emendakinok eta bi aurreproiektuek bere bidean aurrera egingo dute Behe Ganberan. Onartu zirenetik, lehen zuzenketak dira gaur aztertuko dituztenak.

Joan den ekainean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak trans eta LGTBI pertsonen eskubideen legea, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan eta izen bereko legea onartu eta urtebetera. Eztabaida ugari sortu duen legea da, besteak beste, trans pertsonen genero autodeterminazioa dela eta. Hainbat mugimendu feministek ez dute ontzat eman azken puntu hori, eta indarrean sartu arteko bidean lege honek oztopo bat baino gehiago izango dituela aurreikusten da.

Gaurko saioari begira, Patxi Lopez Kongresuko talde sozialistako eledunak esan zuen eztabaida "soseguz" egin nahi dutela, pertsona guztien eskubideak errespeta daitezen.

Abortuaren legearen erreformak ere, duela bost hilabete hasi zuen bidea, aurreproiektua Ministroen Kontseiluan onartuta. Testuak bermatzen du osasun publikoan haurdunaldia borondatez eten ahalko dela, eta gurasoen baimena izatearen beharra kenduko die 16 eta 17 urteko adingabeei. Lege horri PPk eta Voxek jarriko betoek ere ez dute aurrera egingo, seguruenik.

Angela Rodriguez Estatuko Berdintasun idazkariak asteon esan duenez, gaurko eztabaida "zarata handirik gabe" igarotzea espero du, eta herritar guztien "eskubideak bermatzen jarraitzeko" itxaropena agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Diputatuen Kongresua Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa LGTBI