Gizartea -

Koronabirusa

Espainiar Estatuko egoitzetan covid-19agatik hildakoen familia guztiak entzuteko agindua eman du Fiskaltzak

Estatuko Fiskaltza Nagusiak hilabete eman die Fiskaltza guztiei informazioa bidaltzeko. Hain zuzen, jakin nahi du zenbat ikerketa eginbide abiatu diren erkidego bakoitzean, Ministerio Publikoak zenbat salaketa eta kereila aurkeztu dituen, eta zenbat prozedura judizial dauden tramitazioan.

Egoitza bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Egoitza bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Egoitza bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Fiskaltza Nagusiak agindua bidali die espainiar Estatuko Fiskaltza guztiei "modu proaktiboan" berma dezaten egoitzetan eta adineko pertsonen zentroetan koronabirusaren pandemiagatik hildako pertsonen senide guztiei entzun ahal izatea, euren eskubideak zaintzeko hasitako zigor prozeduretan.

Hala agindu du, Diego Villafañe Idazkaritza Teknikoko fiskalordeak sinatutako ofizio batean (Alvaro Garcia Ortiz fiskal nagusiak hala adierazita). Fiskaltza Nagusiak hilabete eman die Fiskaltza guztiei informazioa bidaltzeko; hain zuzen, jakin nahi du zenbat ikerketa eginbide abiatu diren erkidego bakoitzean, Ministerio Publikoak zenbat salaketa eta kereila aurkeztu dituen, eta zenbat prozedura judizial dauden tramitazioan.

Hala, Fiskaltza Nagusiak jarraibideak eman dizkie erkidegoetako fiskalei ikerketa eginbideetan biktimen senideei entzuteko, informatuak izateko euren eskubidea babestuta, bereziki, prozeduran azaldu ez badira.

Hain zuzen ere, agindua da senideen deklarazioak epaitegietan eskatzea, organo judizialak adostuta ez diren kasuetan, eta horietan egotea, bai eta prozesuan garrantzitsuak izan litezkeen ikertuen eta lekukoen deklarazioetan ere.

Arreta berezia

Autonomia erkidegoetako fiskal nagusiei bidalitako ofizioan zehaztuta dagoenez, Fiskaltza Nagusiak pandemiaren hasieratik jo zuen beharrezkotzat adineko pertsonen zentroetako eta egoitzetako jarraipenari arreta berezia ematea; hala, lehen egunetatik, gizatalde zaurgarrienen babesa bideratu zuen.

Gogora ekarri du 2020ko martxoaren 18an bidali ziela ofizioa fiskal nagusi guztiei, osasun arrisku bereziak sortzen zituzten baldintzei jarraipena egiteko. Batzuetan, ondorio tristeak ere zituzten arrisku horiek egoitzetan zeuden pertsonentzat.

Orain igorritako ofizioan, ohartarazi du egiaztatu dutela beharrezkoa dela kalitate handiagoko informazioa jasotzea Estatu osoko Lurralde Fiskaltzetan eta organo judizialetan hasitako zigor prozeduren gainean: "Zalantzarik gabe garrantzitsuak direnez, fiskal nagusiak horien berri izan behar du".

"Nahitaezkoa da xehetasunen berri izatea, eta sakonean aztertzea nola dauden orain eta nolakoak izango diren hasitako zigor prozedurak, covid-19 gaixotasunaren ondorioz hirugarren adineko egoitzetan izandako heriotzei dagokienez", nabarmendu du.

Ministerio Fiskalak, "kontuan izanik gertakariak eta horien ondorioa bereziki garrantzitsuak direla, oso proaktiboa izan behar da prozeduran; izan ere, pertsona oso zaurgarriak daude tartean".

Horren haritik, azpimarratu du garrantzi handikoa dela "biktimei eta senideei Ministerio Fiskalak eman beharreko arreta eta babesa eskaintzea. Horretarako, entzun behar zaie, eta informazioa jaso behar dute ikerketa eginbideetan eta zigor prozeduran; halaber, aukera izan behar dute nahi dituzten frogak aurkezteko, gertaturikoa argitze aldera", nabarmendu du.

Gogorarazi du nola aurreko instrukzio batean adierazi zuen biktimarekin harremanetan jartzeko beharra dagoela, hori ez bada azaldu, frogarik ezagatik auzia behin-behinean artxibatu aurretik. Hala, instrukzioan agertu ez diren froga baliabide edo eginbiderik ez dagoela ziurtatuko dute. Halaber, bermatu behar dute biktimari jakinarazi zaiola auzian azaltzeko aukera duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Epaiketak albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Medikuntza albisteak Adinekoentzako egoitzak Covid birusaren olatu berria Pertsona edadetuak