Gizartea -
TRAFIKOA
Ertzaintzak ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartu egingo du astelehenetik aurrera
Batez ere pneumatikoen egoera, argiak eta IATa ikuskatuko dituzte. Segurtasun kanpaina hau urriaren 16ra arte luzatuko da.
EITB MEDIA
Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, bigarren mailako errepideetan dabiltzan ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du urriaren 10etik 16ra bitartean.
Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren zaintzea. Batez ere, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa, argiak eta pneumatikoen egoera ikuskatuko dituzte.
IATa eguneratuta ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zigorra du. Argiei dagokienez, anomaliaren bat hautematen bada, gidariari jakinaraziko zaio lehenbailehen konpon dezan. Anomalia horiek bidean gertatzen badira, ez da eragotziko jarraitzea, baldin eta arriskutsua ez bada; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanparak eramatea.
Bestalde, pneumatikoek gutxienez 1.6 mm-ko errodadura-sakonera izan behar dute. Horrez gainera, beti mantendu behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ez dute babarik, deformaziorik, hausturarik edo pitzadurarik izan behar, ezta kablerik ere agerian.
Ibilgailuen baldintza teknikoak ikuskatzeko kanpaina trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.