Gizartea -

Dohaintzak

Organoetako Dohaintzaren Munduko Eguna: "Oso ondo bizi naiz norbaitek giltzurruna eman duelako"

Gaur, Organoetako eta Ehunetako Dohaintzaren Munduko Eguna da, eta eitb.eus Txemi Martinekin izan da. Txemik, 2015ean, giltzurrun bat jaso zuen transplante gurutzatu batean; Alazne Ziarsolok, Txemiren emazteak, transplante horretan parte hartu zuen. Dohaintzaren garrantzia nabarmendu nahi du.

Txemi eta Alazne, euren bizipenaren berri emanda. Argazkia: EITB Media.
Txemi eta Alazne, euren bizipenaren berri emanda. Argazkia: EITB Media.
Txemi eta Alazne, euren bizipenaren berri emanda. Argazkia: EITB Media.

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txemi Martinek 64 urte ditu, Areetan bizi da, eta, 2015eko maiatzaren 5etik, hiru giltzurrun ditu (horietako batek funtzionatzen du). Alazne Ziarsolok, Txemiren emazteak, aldiz, bakarra du, hain zuzen ere, duela zazpi urte eta erdiko egun horretatik. Hasierako asmoa zen Txemik jasotzea Alazneri falta zaion giltzurruna, baina hori ezinezkoa izan zen, transplante hori ez egiteko moduko errefus arriskua baitzegoen, eta, ondorioz, beste pertsona bati transplantatu zioten. Hirurek, alegia, Txemik, Alaznek eta hirugarren gaixo horrek, giltzurrun transplante gurutzatu batean parte hartu zuten. Transplante hartan, giltzurrun gutxiegitasuna zuten bost pazientek behar zituzten organoak jaso zituzten; organo emaileak ez zituzten ezagutzen, baina haiekin bateragarriak ziren. Organo emaileak osasuntsu zeuden, eta prest zeuden senide edo lagun bati laguntzeko, transplanteko bikotekide gisa, baina ez zuten aukerarik giltzurruna senide edo lagun horri emateko, arriskua egon zitekeelako. Emaile samariar batek bultzatu zuen katea; horrek erabaki zuen giltzurrun bat emango zuela, nahiz eta ez zekien nork jasoko zuen; samariar hori ekintza horretan tartean izan zen hamaikagarren pertsona izan zen. Transplante gurutzatu harekin lotuta, Txemik, kontuan izanik gaur, urriak 14, Organoetako eta Ehunetako Dohaintzaren eta Transplanteen Munduko Eguna dela, bere gogoetak eta bizipenak helarazi dizkigu.

2010ean, 52 urte zituela eta Gorputz Hezkuntzako irakasle zebilela, Txemi ahul sentitzen hasi zen: "Gehiago nekatzen nintzela ikusten nuen", gogora ekarri du, "eta nik nire artean esaten nuen, 'baina ez dut beste munduko ezer egin honetarako'; beraz, analisi kliniko bat eskatu nuen. Analisi baten bidez, berehala ikusi ahal da ea giltzurrun arazorik duzun", eta zehaztu du: "Giltzurrun gaixotasuna isila da. Oso gaizki egon arte, ez zara jabetzen, minik ez baitu ematen. Ondoezik sentitzen hasten zarenean, oso berandu izaten da", dio. Horregatik, hainbat elkartek, ALCER Giltzurrunetako Gaitzen Aurkako Elkarteak kasu, "prebentziotik borrokatzen dute gaixotasuna: jendeari esaten dio, 'egin analisia, kontrolatu giltzurrunak...', prebentzioa", adierazi du Txemik, baina onartu ere onartu du: "Gaitz terminala da, oso zaila geldiarazteko".

"Bi transplante mota daude: hildako pertsona batengandik jasotakoa, eta bizirik dagoen norbaitengandik jasotakoa. Organoa hilotz batetik jasoko baduzu, ez dago arazorik, zerrendan zaude, deituko dizute, transplantea egin, eta kito; bestean, aldiz, emailea behar duzu", berriro ere aipatu du hitz magikoa, "baina arazoa da beti ez dela posible transplantea egitea. Gerta liteke zure emaileak, alegia, bere organoetako bat, kasu honetan giltzurrun bat, zuri emateko prest dagoen pertsona horrek, ezin izatea hori egin, zurekin bateragarria ez delako. Orduan, zerrenda batean sartzen zara. Zain geratu behar zarete, zure emailea eta zeu, eta, urte baten buruan, Transplanteen Erakunde Nazionalak zozketa bat egiten du, ea Espainian dauden emaile guztien artean, transplante gurutzatuetako bikotekide horien guztien artean, katerik egin litekeen, hiru, lau edo bost pazienteri transplantea egiteko".

"Samariar on bat"

Txemiren kasuan, emaile altruista bat agertu zen: "Samariar on bat izan zen. Erabakita zuen giltzurruna ematea hala nahi zuelako, edo hitzemanda zuelako, edo dena delakoagatik. Emaile horrek hildako baten organoaren zain dagoen bati emango zion giltzurruna hasiera batean, "baina, puntu horretan, Transplanteen Erakunde Nazionala saiatzen da, emailearen eta pazientearen artean, kateak sartzen. Nire kasuan, bost izan ziren, bost transplante".

Prozesua honelakoa da: "Samariarraren giltzurruna bikotekide batek jasotzen du, alegia, organoa hurbileko norbaiti eman nahi zion pertsona batek; aldi berean, bikotekide horren organoa transplantea behar duen beste gaixo batek jasotzen du, eta azken horren bikotekideak beste paziente bati ematen dio. Azkenean, bikote batek organoa hildako batengandik espero zuenari ematen dio". Txemik Transplanteen Erakunde Nazionalak nolako lana egiten duen nabarmendu du, hainbat datu baititu kontrolpean, kateak ezin hobeto zehazten dituelako…

Transplantea gauzatu arte, Txemi, garai hartan dialisian, ebakuntzarako ari zen prestatzen: "Oso garrantzitsua da ebakuntza gelara ahalik eta osasuntsuen sartzea. Ni, dialisian nengoela, egunero joaten nintzen gimnasiora". Helburua zen sasoi onean egotea deia jasotzean, eta, azkenean, deitu zioten. Katea aktibatzear zegoen. Alazneren txanda zen orduan. Laparoskopia baliatuta, giltzurrun bat erauzi zioten; "hiru edo lau egunen buruan, sendatuta zegoen, eta bosgarrenean, etxera". Ebakuntza goizeko zortzietan egin zioten, tartean lanean zeudela ospitale guztietan batera: "Operazio gelan sartzen dira, giltzurrunak erauzi, eta bidaltzen dituzte, hegazkinez, helikopteroz… Niri arratsaldeko zazpietan egin zidaten ebakuntza", azaldu du, alegia Alazneri giltzurruna atera eta hamaika ordura: "Giltzurrunek 24 orduz iraun lezakete arazorik gabe, birika batek edo bihotzak ez bezala. Horietan, jarraian egin behar da ebakuntza, segituan".

Txemiri giltzurrun bat transplantatu zioten 2015ean. Emailea bizirik zegoen. Transplantea gurutzatua izan zen

Zein alde dago hilotz batengandik jasotako giltzurrun baten eta bizirik dagoen pertsona batengandik jasotakoaren artean? Azken horiek, "normalean, besteak baino askoz gehiago diraute, eta gainera azkarrago hasten dira funtzionatzen. Hildako batengandik jasoz gero, baliteke hiruzpalau egunetan ez hastea martxan; bizirik dagoen pertsona batengandik bada, aldiz, segituan hasten dira funtzionatzen. Niri arratsaldeko zazpietan egin zidaten ebakuntza, eta esnatu orduko, gertatutakoaz apur bat kontziente izaten hasi orduko, goizeko zortziak inguru ziren; bada, giltzurruna lanean zebilen", ekarri du gogora. Hau da, emailearen gorputzetik erauzi eta 24 ordura, Txemiren barnean funtzionatzen zebilen.

Emaile asko izateko garrantzia

Gero bueltatuko gara 2015eko egun horietara, hau da, Txemiren bizitza kalitatea erabat aldatu zuen transplantearen garaietara ("ez du zerikusirik… ebakuntzaren ostean gozamen hutsa zen bizitza", dio). Gure protagonistak behin eta berriz azpimarratzen du erabat garrantzitsua dela emaileak egotea: "Inkestek erakusten dutenaren arabera", kokatu du, "denek izan nahi dute emaile, baina, jakina, pertsona gehienak hiltzen direnean, hori ez dago inon idatzita; orduan, ez du ezertarako balio. Familiak erabakitzen du, azken finean", argudiatu du, eta honakoa gertatzen da: medikuak hildako baten senideei dohaintza egin nahi duten galdetzen dienean, erantzuna, askotan, ezezkoa da. Baina zuk idatzita uzten baduzu emailea izan nahi duzula, agiri bat dago, aurretiazko borondateen agiria. Osakidetzan egin behar duzu", zehaztu digu.

Balio handiko agiria da. Beterik egonez gero, edonoren mediku txostenean agertzen da: "Medikuak ikusgai du pertsona horrek emailea izan nahi duela. Hala, ez du axola familiak zer dioen, zuk agiri batean adierazi baituzu. Lurralde ordezkaritzara deitu eta hitzordua eskatu; hori besterik ez da egin behar. Ikuskari mediku batekin bildu, agiria sinatu, eta hor duzu, bizitza osorako".

Heriotzaz hitz egitea "inori ez zaio gustatzen", uste du Txemik, eta agian horregatik ez da luzeagoa emaileen zerrenda, "baina guztiz garrantzitsua da emailea izateko nahia idatzita uztea. Karneta dago, elkarte guztietan egin ahal duzu, ALCERen ere bai; telefonoz deituta eta datuak utzita, etxean jasoko duzu. Ez da agiri ofiziala, baina zehazten du emailea izan nahi duzula. Eta, gainera", jarraitu du, "gaur egun, edonor izan daiteke emailea. Laurogei urteko pertsona batek giltzurrun bikaina izan lezake; are gehiago, giltzurrun osasuntsurik ez dugunontzat. Alde handia dago giltzurruna izatearen eta ez izatearen artean, 'bigarren eskukoa' bada ere… Ez du axola, oso ondo funtzionatzen dute", nabarmendu du, herritar guztiak emaileak izatera animatuz.

Alaznek goraipatu egin du zein ona den gozatu ahal dugun osasun sistema publikoa, eta dohaintza prozesuaren garbitasuna eta zintzotasuna. Haren esanetan, "sinestezina" da, ikusita zein bikain dagoen antolatuta eta gauzatuta: "Erabat zuzena da. Berme guztiak ditu. Ez da iruzurrik, ez dago hori egiterik. Hainbat eta hainbat elkarrizketa egiten dizkizute. Zerrenda guztiz errespetatzen da, txandak". Oso argi nahi du utzi horren atzean dagoen lana ezin hobea dela.

Txemik nabarmendu du oso garrantzitsua dela emaile asko egotea, bai eta giltzurrun gaixotasunen bat dutenak elkarte bateko kideak izatea ere

Txemiren iritziz, ezinbestekoa da, halaber, giltzurrun gaixotasunen bat pairatzen duten guztiak elkarte batean egotea, ALCERen kasu: "Gaitz gogorra da. Buruari ere eragiten dio. Oso zaila da onartzea, bizitza goitik behera aldatzen dizulako. Muga eta oztopo asko jartzen dizkizu". Giltzurrunetako Gaitzen Aurkako Elkarteak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ditu egoitzak, eta laguntza psikologikoa eskaintzen du: "Oso garrantzitsua da, hau dolua bezalakoa baita. Gertatzen zaizuna onartzen duzunean, faseak daude, eta familiarentzako laguntzak ere badaude". Esate baterako, elkarteak etxe bat du Gurutzetako Ospitaletik urrun bizi diren eta transplantea bertan jasoko duten pazienteentzat, senideek ostatu izan dezaten: "Giltzurrun gutxiegitasuna duten guztiak elkarte batean egon beharko lirateke. Bidaiaren bat egiten duzunean, ALCERek prestatzen du, zuk oporretan joateko aukera izan dezazun; kudeatzen du zein ospitalera joan ahal zaren dialisira. Bilatu egiten dizkizu ospitalea, eguna eta ordua".

Gogora ekarri du zein bultzada eman diezaiokeen gaitza diagnostikatu dioten gaixo bati ikusteak bera bezalako norbait; alegia, transplantatutako giltzurrun batekin "oso ondo" bizi den pertsona bat ikusteak: "ALCERen, laguntza ematen dizute; baina, gero, zuk ematen duzu laguntza hori. Nik zazpi urte daramatzat transplantatuta, eta, egun, ni izan naiteke gaixo tutorea, dialisiarekin hasi berri den norbaitentzat. Zu dialisian hasten zarenean, ospitalean, mundua behera etortzen zaizu". Berak elkarteko hainbat kideren laguntza izan zuen lehen garai zail horietan.

Gurutzetako Ospitaleak ere, hain zuzen bertako Nefrologia Zerbitzuak, Txemiren goraipamenik handienak jasotzen ditu. Espainiar Estatu mailan, giltzurrun transplanteetako kopuruari erreparatuta, hirugarrena da, Madrilgo La Paz Unibertsitateko Ospitalearen eta Bartzelonako Hospital Clinicen atzean; baina, zerbitzuaren ospeari dagokionez, bigarrena da, soilik Bartzelonakoa du aurretik. Gurutzeta da erreferentzia Estatu espainiarreko iparraldean, Hego Euskal Herrirako eta Errioxarako ere.

Transplanteen Erakunde Nazionalak du ere, Txemiren iritziz, notarik onena; izan ere, bikaintasuna du lanean, haren esanetan.

Emozio "ahaztezinak"

Amaitzear gaude. Goazen, berriro ere, 2015eko maiatzera, Txemiren eta Alazneren bizitza aldatu zen garaietara: "Ekainean, Sopelara joaten nintzen, oinez", Areetako etxetik, dio Txemik. Emozio ahaztezinetako egunak izan ziren: "Emaileek beti esaten dizute horren truke asko jasotzen duzula. Malkotxoa berehala irteten da, ekintza oso gizatiarrak dira, sentiberatasuna airean dago. Esperientziak ez du parekorik. Konturatzen zara bizirik zaudela norbaitek dohaintza egin duelako, ni bikain bizi naiz norbaitek organoa eman duelako, oso gaizki ere egon ninteke… edo gerta liteke ni ez egotea", nabarmendu du.

"Emaileek beti diote horren truke asko jasotzen duzula"

Transplantea gauzatuta, gakoa "lehen urtea da; eta, gerora, lehen bostak. Lehenengo urtea gaindituta, eta gero bost horiek, errazagoa da irautea. Hainbat oztopo daude, hasiera horretan, giltzurrunerako; pertsona batzuen sistema immunea hain gogorra da "non inbaditzailea akabatu egiten baitu, sentitzen duelako berea ez den zerbait dagoela", eta, horregatik, kasu batzuetan, transplantatutako giltzurruna hondatu egiten da. Hori saihestea da immunoezabatzaileen betebeharra: "Baina horiek sistema immunea oso jota uzten dizute; oso ahul uzten du, eta ezin dio eraso transplantatutako giltzurrunari, ezin duelako egin, makal baitago". Berak lehen urte hori gainditu zuen, bai eta ondorengo bostak ere… eta hala eman digu horren berri.

Eta etorkizunean, zer? Transplantatutako giltzurrun bat "ez da betikoa", gogorarazten du. Bizirik dagoen emaile batengandik jasotako batek 20, 22 edo 25 urtez iraun lezake, baina badu muga: "Motel dabilkit, inoiz ez ehuneko ehunean, baina, noski, ehuneko laurogeian badabil, ondo!", dio, pozik. Urteek aurrera egin ahala, Txemiren hirugarren giltzurrunak funtzionatzeari utziko dionean, beste bat jasoko du: "Batzuek lau dituzte, eta beste zenbaitek bost ere", zehaztu du.

Asko falta da horretarako, eta Txemik eta Alaznek, euren senideek eta lagunek bezala, denbora luzea dute aurretik, gozatzeko. Euren istorioak, milaka emailek eta transplantea jaso duten milaka gaixoren istorioek bezala, emozionatu egiten du, magikoa bezain xumea baita. Bizitza hobera aldatu zien transplante gurutzatu baten istorioa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Erreportajeak sakonean Eguneko albisteak