Gizartea -
Zibersegurtasuna
Delitu informatikoek % 80 egin dute gora azken lau urteetan Euskadin
Salatzen diren delitu guztien % 20 dira dagoeneko, eta gehienak ondarearen aurkakoak izan dira. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eman ditu datuak.
EITB MEDIA
Delitu informatikoek % 24 egin dute gora Euskadin aurtengo lehenengo seihilekoan, 2021eko aldi berarekin alderatuta. Ertzaintzak, guztira, 9.824 ziberdelitu erregistratu ditu, iazko tarte berean 7.962 izan zirenean. Hala, azken lau urteetan % 80 areagotu egin dira mota horretako delituak, polizia autonomikoak ikertutako kasu guztien % 20 baino gehiago izateraino.
Hala jakinarazi du gaur Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Gasteizen egindako Kontroleko Osoko Bilkurako legebiltzar-galdera bati erantzunez. Bertan, zehaztu du delitu informatikoen % 90 ondarearen aurkakoak izan direla, gehienak iruzurrak (8.819 delitu). Hartara, lege hauste horiek % 25,3 egin dute gora 2021eko lehenengo seihilekoarekin konparatuta.