Gizartea -

Zientzia

Maia Garcia-Vergniory DIPC zentroko ikertzailea saritu du Amerikako Fisika Elkarteak

Donostia International Physics Centerreko fisikari bizkaitarra APS Fellow izendatu du American Physical Society delakoak, Kimika Kuantiko Topologikoa izeneko teoria berria sortzegatik.

Maia Garcia-Vergniory. Argazkia: Ana Ruiz
Maia Garcia-Vergniory.
Maia Garcia-Vergniory: ''Ez nuen espero errekonozimendu hau, oso jende gutxik lortzen duelako''

2:59

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Fisika Elkarteak (APS) Maia Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaile getxoztarrari aipamen bereizgarria eman dio, material topologiko berriak identifikatzeko ekarpen aitzindariak egiteagatik. Kimika Kuantiko Topologikoa izeneko teoria berria sortzeari esker, APS Fellow izendatu berri dute AEBetan.

"American Physical Society Fellow gisa hautatua izatea eta Donostian lan egin duten Pedro Miguel Etxenike, Emilio Artacho, Daniel Sanchez-Portal edota Angel Rubio bezalako ikertzaileen aukerako zerrenda horren parte izatea ohore handia da niretzat", esan du Garcia-Vergnioryk izendapenaren ostean. "Pribilegioa da APS Fellow osatzen duten zientzialari handien artean egotea", gehitu du.

Elhuyarrek ohar batean azaldu duenez, material topologikoek fisika kuantikoaren bigarren iraultza suposatzen dute, orain arteko materiaren sailkapena hausten baitute, eta propietate antagonikoak erakusten baitituzte haren barrualdean eta azalean. Hala, material horiek isolatzaileak dira barruan, baina korronte elektrikoa eroaten dute ertzetan, ia disipaziorik gabe eta eroankortasun konstantearekin. Portaera liluragarri horiei esker, haien ahalmen teknologikoa izugarria da; besteak beste, konputagailu kuantiko unibertsalak eraikitzeko plataforma idealak dira.

APS Fellowship programak fisika munduan aurrerapenak egin dituzten kideak aitortzen ditu, baita fisika zientzian eta teknologian aplikatzeko ekarpen berritzaile garrantzitsuak egin dituztenak aitortzeko ere. Elhuyarren arabera, APS elkarteko kideen % 0,5ek bakarrik lortzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Getxo albisteak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Zientzia