Gizartea -

BAHIKETA

Sagardui: "Kasu isolatu bat da, eta gertatutakoa sakon ikertuko dugu"

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jaioberriaren familiari "Basurtuko Ospitaleko eta Osakidetzako profesional guztien babesa" helarazi die.

Basurtuko Ospitalea, gaur. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitalea, gaur
Gotzone Sagardui: ''Gertakari isolatu bat izan da eta gertatutakoa sakon aztertuko dugu''

1:53

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, erietxearen atarian egin dituen adierazpenetan, esan du Basurtuko Ospitalean bart izandako bahiketa "kasu isolatu" bat izan dela, eta gertatutakoa "sakon" ikertuko dutela. Horren hitzetan, "pazientearen segurtasunerako batzorde korporatiboa gaur bertan bilduko da", zer gertatu den aztertu eta, beharrezkoa balitz, protokoloan, hobetu beharrekoak proposatzeko.

Sagarduik bere "babes osoa" eta Osakidetzako profesional guztiena, bereziki Basurtuko Ospitalekoena, helarazi dio jaioberriaren familiari. "Ez dut imajinatu ere egin nahi zer pasatu duten eta zer pasatzen ari diren. Osakidetzako profesional guztien babesa adierazi nahi diet, eta gure baliabideak eskura dituztela esan nahi diet", adierazi du.

Halaber, Basurtuko Ospitaleko profesional guztiei ere babesa adierazi die. "Gau oso luzea eta gogorra" izan da langileentzat, eta "denek denbora beharko dute gertatu dena asimilatzeko", gehitu du.

Basurtuko Ospitalean bart bahitutako jaioberria onik topatu dute goizean Santutxu auzoan (Bilbo), Segurtasun Sailak ohar batean baieztatu duenez. Iturrion arabera, auzo horretako etxebizitza bateko atarian aurkitu dute. Emakumeak bertan utzi du jaioberria, tinbrea jo, eta ihes egin du. 10:45 aldera atxilotu egin dute emakumea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea