Gizartea -

Proiektu berria

Eraikin bat okupatu dute Bilboko Uribarri auzoan, gaztetxea sortzeko

Bertan bildu diren gazteek aldarrikatu dutenez, Bilboko Udalari hainbat eskaera egin dizkiote, eta, erantzunik ezaren aurrean, "Matikoko eraikinari erabilpena eta bizia ematea" erabaki dute.

"Porque el barrio se lo merece... Auzoa biziberritzera goaz!". Argazkia: Bilboko Branka
"Porque el barrio se lo merece... Auzoa biziberritzera goaz!". Argazkia: Bilboko Branka
"Porque el barrio se lo merece... Auzoa biziberritzera goaz!". Argazkia: Bilboko Branka

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Uribarri auzoan, etxe bat okupatu eta Patakon gaztetxea sortu zuten ostiral arratsaldean. “Auzoko gazteen beharrak asetzea eta auzokideen topagunea izatea” du helburu proiektu berri honek, “alternatiba sozial eta kulturalen alde egiteko”. Eraikina Matiko kaleko 6. zenbakian dago, eta mende erdi zeraman hutsik.

Bilboko Branka webgunearen arabera, 100 pertsona inguru bildu ziren ostiralean Uribarriko eskoletako plazan. “Udal zerbitzurik ezaren aurrean”, “herri zerbitzuen” alde agertu ziren. Trauko, Matiko eta Uribarri kaleetatik ibili ziren kalejiran, eta Patakon gaztetxearen aurrean amaitu zuten. Orduan, eraikinaren aurrean zeuden gazteek kalejira txalotu eta auzokideei okupazioaren berri eman zieten.

Bertan bildu diren gazteek aldarrikatu dutenez, Bilboko Udalari hainbat eskaera egin dizkiote, eta, erantzunik ezaren aurrean, "Matikoko eraikinari erabilpena eta bizia ematea" erabaki dute. Patakon lokalean batzarren bidez funtzionatuko dute, eta “autogestionatua, interes kolektiboaren aldekoa, parte-hartzailea eta euskalduna” izatea bilatuko dutela esan dute, besteak beste.

Amaitzeko, gazteen iniziatiba izan arren Patakonek adin guztietako pertsonak bildu nahi dituela azaldu zuten. Aste osorako, hainbat hitzordu zehaztu dituzte gaztetxean egin beharreko lanak antolatzen hasteko.

Gaur 11.00etan, prentsaurrekoa eman dute, Moraza plazan. “Auzoarentzat onuragarria den proiektua egon arte, asanbladak kudeatuko du eraikinaren mantentzea”, horrez gain, sinadura bilketa bat jarri dute abian, “pertsona zein taldeen proiektu hau babesteko tresna gisa”. Kolektiboak nabarmendu du, eraikineko ateak zabalik egongo direla eta “auzotik eta auzoarentzat egindako proiektua” delako. “Jabeei gurekin harremanetan jartzeko deia egiten diegu, proiektua bermatzeko”, azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea