Gizartea -

Bahiketa Basurtun

Basurtun bahitutako jaioberriaren aita: "Guztioi esker dago Aimar gurekin"

Pedro Castrok esker oneko hitzak izan ditu "osasun langile guztientzat, Ertzaintzarentzat eta herritar guztientzat", 11 orduko angustian jasotako babesagatik.

Pedro Castro, Basurtun bahitutako jaioberriaren aita. Argazkia: EiTB Media
Pedro Castro, Basurtun bahitutako jaioberriaren aita. Argazkia: EiTB Media
Pedro Castro, Basurtun bahitutako jaioberriaren aita. Argazkia: EiTB Media

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Basurtun bahitutako haurraren aitak, Pedro Castrok, adierazi du "guztioi esker" dagoela "Aimar gurekin". Horregatik, esker oneko hitzak izan ditu "osasun langile guztientzat, Ertzaintzarentzat eta herritar guztientzat", 11 orduko angustian jasotako babesagatik.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Castrok haurra galdu zutenetik aurkitu zuten arte bizitakoa azaldu du.

Haurtxoaren aitak esan du ama, Laura Valle, "sustoak susto, ongi" dagoela, "haurra gainean, itsatsita".

"Angustia ordu asko izan ziren. Emozio eta sentimendu gorabeherak izan genituen, baina garrantzitsuena Aimar gurekin dagoela da", gaineratu du.

Semea bahitu zutela jakin zuen uneaz galdetuta, erantzun du "alarma piztu" zitzaiola alta 22:00etan emango ziotela esan ziotenean, "ohe saturazioagatik". Ustez probak egitetik haurra ez zela itzultzen ikusi zuenean, "urduritzen hasi nintzen, eta langileei galdezka". Osasun langileek erantzun zioten ez zela posible semea ordu horretan eramatea proba batzuk egitera.

"Langileak elkarri galdetzen hasi ziren, eta inork ez zekien zer". Orduan "hasi zen amesgaiztoa".

Castrok esan du oihuka hasi zela korridorean, eta alde guztietan bilatzen aritu zela. Azpimarratu du inork ez ziela segurtasun protokoloaren berri eman, haurrarengandik aldendu ezin zirela, alegia, eta "minduta" agertu da hori leporatu dietelako, eta protokoloa sinatu zutela esan dutelako: "Gezurra da, ez genuen jaso".

Castrok jakinarazi du gauean Ertzaintzak esan ziola bahitzailea esnea erosten ikusi zutela farmazia batean, eta horri esker bahitzaileak haurra "zaborrontzi batera edo itsasadarrera botako zuela" pentsatzeari utzi ziotela.

Zorionez, ordu batzuk geroago, haurra onik aurkitu zuten. "Anbulantzia haurrarekin iritsi zenean, jauzi batekin sartu nintzen. Haurra lo zegoen, oso ongi. Esplorazioa egin zioten nire aurrean, eta ondo zegoen guztia. Amaren besoetan jarri zutenean, jatera joan zen zuzenean", azaldu du, hunkituta.

"Amesgaiztoa" amaituta, berriro oroitu da osasun langileekin, Ertzaintzarekin eta herritarrekin, eskerrak emateko.

Basurtuko Ospitalean jaioberria bahitu zuen emakumea epailearen esku noiz geratu zain dute Deustuko ertzain etxean. Han eman du gaua. Atzo atxilotu zuten Zorrotzan (Bilbo), 10:45 aldera. Ustezko bahitzailea 24 urteko emakume bat da.

Basurtuko Ospitalean izandako bahiketari buruz dakiguna, minutu erdian
Basurtuko Ospitalean izandako bahiketari buruz dakiguna, minutu erdian
Basurtuko Ospitalean izandako bahiketari buruz dakiguna, minutu erdian

0:44
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Bahiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea