Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Hego haizea izango da protagonista asteburuan, batez ere igandean
Larunbat goizean udaberriko giroa izango da, eta arratsaldean hodei gehiago iritsiko dira. Igandean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da. Oso gogor joko du egunaren lehen partean, eta deserosoa izango da.
EITB Media
Hegoaldeko haizea izango da protagonista asteburu osoan zehar, batez ere igandean, egun oso haizetsua izango baita. Toki askotan, haize-boladek orduko 60-70 kilometroko abiadura gainditu ahal izango dute.
Larunbat goizean, udaberriko giroa
Euskalmetek jakitera eman duenez, larunbat goizean udaberriko giroa izango dugu, arratsaldean, atzera, hodeiak ugaritu egingo dira. Goizean ostarte zabalak ikusiko ditugu, goi-hodeiak agertuko dira eta egunaren erdiko orduetan zerua lausotu dezake, baina goizean eguraldia eguzkitsua izango da.
Arratsaldean hodeitza handituz joango da eta noizean behin zaparrada batzuk bota ditzake, bereziki barnealdean eta arratsaldearen erditik aurrera.
Haizea zakar ibiliko da egun guztian, mendi inguruetan batez ere, eta arratsalde-gau partean are gehiago indartuko da.
Kantauri isurialdean tenperatura maximoak 26-27 ºC ingurukoak izango dira, gainerakoan 23-24 ºC-koak.
Igandean, egunaren lehen partean haizeak enbarazu egingo du
Igandean hego-mendebaldeko haizea izango da protagonista. Egunaren lehen partean haizeak oso gogor joko du eta enbarazu egingo du.
Tarteka urdin gune zabalagoak agertuko dira, baina une batzuetan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira, eta Pirinioetako leku batzuetan bereziki noizbehinka zaparrada batzuk bota ditzake.
Bestelakoan, tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta hodeiak ostarteekin tartekatuko dira.