Gizartea -

Bizkaia

Leioako errepidea estaltzeko lanak 2023ko apirilean hasiko dira

Bizkaiko udalerria "banatzen duen arrakala" estali, eta "aisialdirako eta oinezkoentzako gozamenerako espazio berria" sortuko dute, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez.

Leioako errepidea. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Leioako errepidea.
Leioako Avanzada estaltzeko lanak 2023ko apirilean hasiko dira

0:44

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leioako BI-637 errepidea, La Avanzada izenez ezaguna, estaltzeko proiektua aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, azaroaren 7ko astean lizitatuko dute proiektua, eta lanak 2023ko apirilean hastea aurreikusten dute. 41 hilabetez luzatuko dira; hau da, 2026ko irailean bukatuko omen dira. Obrak egiten diren bitartean noranzko bakoitzeko bi erreiak mantentzea aurreikusten du Aldundiak.

Diputatuaren arabera, Leioako errepidea estaltzeko proiektuak irtenbide integrala eskaintzen die azpiegituraren hiru arazoei: "Gaur egun udalerria banatzen duen arrakala estaliko da, aisialdirako eta oinezkoentzako gozamenerako espazio berria sortuz; zaratak murriztuko dira azpiegituraren ondoan bizi direnentzat, eta tuneletako segurtasuna, argiztapena eta aireztapena hobetuko dira".

Lanen hasierako aurrekontua 65 milioi eurokoa izango da. "Emaitza Leioako hirigune berria izango da, 4.500 metro karratuko azalera izango duena oinezkoentzat eta berdeguneak jartzeko. Leioa banatzen duen arrakalarekin amaituko dugu, udalerria lotuz. Eta milaka ibilgailuk aire zabalean igarotzen duten egungo lubakiaren gainean, Leioak 620 metroko bulebar berria izango du", esan du Pradalesek.

Iban Rodriguez Leioako alkateak errepidea estaltzeak leioaztarren bizi kalitatearen hobekuntzan izango duen garrantzia azpimarratu du, eta obrekin "zor bat" kitatuko dela esan du. "Hiria hobeto elkartzen, kohesionatzen, lagunduko digu, hiria zeharkatzen zuen zauri handi bat herritarrentzako topagune berri bihurtuz", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaiko albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Leioa Gaurko azken orduko albistea