Gizartea -
Iktusa
Iktusaren Munduko Eguna: 11.700 kasu EAEn 2021ean, eta lehen heriotza kausa emakumeentzat
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, "lehentasuna" da gaixotasun horren aurkako borroka. Pairatzen duten pertsonen batez besteko adina 75 urtekoa da.
EITB MEDIA
Larunbatean, hilak 29, Iktusaren Munduko Eguna da. 2021ean, gaixotasun horren 11.700 kasu izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta emakumeen lehen heriotza kausa da gure gizartean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, "lehentasuna" da gaixotasun horren aurkako borroka; gaitza pairatzen duten pertsonen batez besteko adina 75 urtekoa da, bestalde.
Testuinguru horretan, Osasun Sailak gogora ekarri du zer den iktusa; hain zuzen ere, izan daiteke garuneko odol fluxuan etenaldia izatea (iktus iskemikoa da hori), edo garunean zain edo arteria bat apurtzea (iktus hemorragikoa). Horien ondorioei ere esaten zaie iktusa.
Azken bost urteetan, zehaztu du iturriak, 55.000 bat iktus kasu antzeman dituzte Euskadin. % 45 emakumeek jasan dituzte, eta % 55, gizonek.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, lehen desgaitasun kausa da Euskadin: "Euskal herritarrengan zuzeneko eragina duen gaixotasuna da, beraz", azpimarratu du, "eta horregatik daramatzagu urteak iktusa eta horretatik eratorritako zailtasunak pairatzen dituzten pertsonak tratatzen", nabarmendu du.