Gizartea -
Ekitaldi ofiziala
Iruñeko espetxe berria inauguratu dute, Luzia muinoan
Inaugurazio ekitaldian, Fernandez Diaz ministroak esan du ETAko presoei begira ez dutela neurri kolektiborik adostuko.
Erredakzioa
Iruñeko espetxe berria inauguratu du astearte honetan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Nafarroako hiriburuko Santa Luzia muinoan. San Juan auzoko kartzelaren tokia hartuko du.
Inaugurazio ekitaldian, Fernandez Diazekin batera, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea izan da. Roberto Jimenez Barne sailburua (PSN) ez da ekitaldira Joan, Nafarroako Gobernuak bizi duen krisiaren ondorioz. Horrez gain, Jimenez Rubalcabarekin batzartuko da gaur arratsaldean, Gobernu krisia aztertzeko.
Ekitaldi ofizialaz gain, protesta ekintzak egin ditu Salhaketa elkarteak, espetxe atarian.
Espetxe berriak bi eraikin ditu: espetxea bera eta gizarteratze zentroa. Lehenengoak 504 ziega dauzka eta bigarrenak 51 gela bikoitz eta behaketarako bi gela.
Kartzela berriko ziegak, aurrekoak baino handiagoak izango dira, 10 metroetatik 13 metrotara handitu baitituzte.
Horrez gain, formakuntzarako, kirola egiteko eta tailerrak antolatzeko tokiak ere egokitu dituzte.
Inaugurazio ekitaldian, Fernandez Diaz ministroak esan du ETAko presoei begira ez dutela neurri kolektiborik adostuko. "Ez gara negoziatzen ari, ez dugu ezer negoziatu eta aurrerantzean ez dugu ezer negoziatuko", azpimarratu du.