Gizartea -

garapen iraunkorreko helburuak

NBEren Local 2030 Koalizioaren egoitza ireki dute Bilbon: "2030 Agenda premia da"

Nazio Batuen Erakundeak egoitza berria ireki du Bilbon, 2030 Agendaren garapenean jardungo duen Tokiko Koalizioaren Idazkaritzarako; Garapen Iraunkorrerako Helburuak sustatzeko bidean.

Astelehen honetako ekitaldia, Bilbon. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Astelehen honetako ekitaldia, Bilbon. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Nazio Batuen LOCAL 2030 agendaren idazkaritzaren egoitza inauguratu dute Bilbon

02:02

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbok NBEren egoitza berria ireki du astelehen arratsaldean, Local 2030 Koalizioaren Idazkaritza bertan kokatzeko; Nazio Batuek udal eta eskualde mailan Garapen Iraunkorra sustatzeko duten erakundea, alegia.

Euskadiko Artxibo Historikoaren eta Gogora Instituturen seigarren pisuan egongo da egoitza, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean. Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, urteko 1,5 milioi euro emango dizkio erakunde berri honi, lehen hiru urteetan zehar.

2030erako Tokiko Koalizioak udal eta eskualde mailako erakundeetan 2030 Agendaren garapena sustatzea du helburu. Izan ere, horiek gain hartzen dute larrialdi klimatikoaren inguruko jarduketa guztien % 70.

Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu du ekitaldia eta, halaber, bertan izan dira Amina Mohammed NBEko idazkariorde nagusia, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroa eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea.

"Krisi, ziurgabetasun eta eraldaketa sistemikoen garaian gaude", adierazi du lehendakariak, eta "gizateriaren erronken inguruan adostasunak lortzeko eta mantentzeko zailtasunak areagotzen ari dira".

Egoera horren aurrean, "2030 Agenda premia bat eta aukera bat da". Izan ere, Urkulluren arabera, "agenda proiekzio globala eta tokiko aplikazioa dituen tresna da, giza garapen iraunkorra eta barneratzailea sustatzeko baliagarria".

"Pobrezia, genero berdintasuna, klima aldaketa, hiri eta komunitate jasangarriak, justizia edo bakea mundu mailako eta tokiko erronkak dira, eta batera egin behar diegu aurre", azpimarratu du Urkulluk, eta "pandemiaren zein Ukrainako gerraren eraginak are premiazkoago egiten dituzte horiek".

Bide horretan, "Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuekin dugun konpromisoa" berretsi nahi izan du lehendakariak, baita "zehaztasunaren metodologiaren aldeko konpromisoa" ere, 2030 Agendak "hitzetatik ekintzetara igaro behar du".

"Giza garapen solidarioa, iraunkorra, bidezkoa, demokratikoa eta erantzunkidea lortu nahi dugu", amaitu du.

Adierazpen gehiago

Amina J. Mohammed Nazio Batuen Erakundeko idazkariorde nagusiak azpimarratu egin du hiriek GIHen lorpenean daukaten garrantzia: "hirigintza antolamendua, zerbitzu publikoak eta energia berriztagarriekiko trantsizioa hobetu beharko ditugu, hiriek karbonoaren% 70 isurtzen dutelako", adierazi du.

NBEko buruak Espainia eta Euskadi zoriondu ditu hartutako konpromisoagatik, eta tokikotik ekintza eraldatzaileak abiarazteko eskatu du, mundu jasangarriagoa sortzeko. "Espero dut Bilboko egoitza agintedun ahots bihurtzea", amaitu du.

Bestalde, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Espainiako ministroak baterako lana nabarmendu du, eta idazkaiorde nagusiaren bisitaren garrantzia azpimarratu du.

"Gaur hemen egoteak agerian uzten du gure hiriek eta eskualdeek garapen iraunkorreko helburuak lortzeko duten garrantzia, eta, era berean, ekimen horietan Espainia herrialde liderra dela azpimarratzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Euskal hiriburuak Iñigo Urkullu Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak NBE argazkiak Gizartea bideoak EAJ Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Garapen Iraunkorrerako Helburuak gaur