Gizartea -
Maula
267 bizkaitar engainatu dituzte auto-salmenta iruzur batean
Sareak goi mailako eta maila ertaineko ibilgailuen erosketa kudeatzen zuen Iparraldeko kontzesionarioen bidez, eta BEZa eta Matrikulazio-zerga ez ordaintzeko iruzur egiten zuen.
Erredakzioa
2004tik 2011ra maila ertaineko eta goi mailako ibilgailuen salerosketan, Iparraldeko kontzesionarioen bitartez, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren zerga-tasa (Matrikulazio-zerga) ez ordaintzeko sare antolatua atzeman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Iruzur horretan 267 bizkaitar daude nahasita, eta Bizkaiko Ogasuna 1,2 milioi euro baino gehiago jaso gabe geratu da iruzur horren ondorioz.
Sarea osatzen zuten kideek Bizkaian aurkitzen zituzten bezeroak, ibilgailuen salerosketa Frantziako hegoaldeko kontzesionarioetan kudeatzen zuten, eta salmentaren fakturak faltsutu egiten zituzten, ibilgailuak Espainian saldutakoak zirela sinestarazteko. Horrela, ez zuten BEZa ordaintzen, eta benetan ordaindutakoa baino askoz ere prezio baxuagoak aitortzen zituzten, Matrikulazio-zerga txikiagoa ordaintzeko.
Sarea osatzen zuten kideek prezio itxia ematen zieten erosleei, engainatu ahal izateko, gastu guztiak eta zergak prezio horren barruan zeudela ulertaraziz. Baina erosleek gero BEZa Bizkaiko Foru Ogasunean ordaindu beharko zutela ezkutatzen zuten; horregatik ematen zituzten Bizkaiko kontzesionarioetan baino prezio merkeagoak.
Foru Ogasunaren zerbitzu teknikoek uste dute kasu horretan 267 erosleri maula-delitu jarraitu bat egin izanaren aztarnak daudela, agirien faltsutze-delitu jarraitu batekin batera. Ogasuneko ikuskaritzak Bizkaian ordaindu ez duten BEZa ordaintzeko eskatu die erosle horiei. Iruzurraren egileen aurkako salaketak aurrera egiten badu, erosleek dirua berreskuratzeko aukera izan lezakete.
Herritarrentzako mezua
Horrelako iruzur sare batean sartuta egoteak dituen ondorioez ohartarazi nahi die Aldundiak herritarrei; izan ere, ibilgailua erosi duten zergadunak dira zerga-ordainketaren erantzuleak. Gainera, herritar guztioi iruzur egitea helburu zuen sare batean parte hartzeak dakartzan erantzukizunei aurre egin behar zaie.
Foru Aldundiak azpimarratu duenez, Foru Ogasuneko mila profesional baino gehiago ari dira iruzur fiskalari aurre egiten, eta horien lanaren emaitza da honakoa. Lan hori, gainera, beste administrazioekin lankidetzan egiten dela nabarmendu du.