Gizartea -

OCUren txostena

Zenbateko kostua du hiltzeak?

OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen arabera, ehorzketa “xume baina oso batek” 3.955 euro balio du Bilbon; 4.155, Donostian; eta 4.982, Iruñean. Errausketa merkeagoa da: 3.802 euro, Bilbon; 4.049, Donostian; eta 4.371, Iruñean.

Artxiboko irudian, pertsona bat, hilerri batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazia.
Artxiboko irudian, pertsona bat, hilerri batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazia.
Artxiboko irudian, pertsona bat, hilerri batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean, azaroak 1, Domu Santu egunean, euskal hilerrietan ohi baino askoz ere bisita gehiago izan dira, eta lorez bete dira, gure hildakoen omenez. Emozio biziko eguna da, baina… zenbat balio du hiltzeak? Beste modu batera: zenbat ordaindu behar dute senideek familian norbait hiltzen denean?

OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak ikerketa egin du, espainiar Estatuko 29 hiritan, tartean Iruñean, Donostian eta Bilbon. Horren arabera, ehorzketa batek, besteak beste, hilkutxa, beilatokia, eskela, loreak eta hilerrian ehorztea kontuan izanik, 3.955 euro balio du Bilbon; 4.155, Donostian eta 4.982, Iruñean.

Errausketa nahiago dutenek, pixka bat gutxiago ordaindu beharko dute; hain zuzen, 3.802 euro, Bilbon; 4.049, Donostian eta 4.371, Iruñean.

Datuak testuinguruan jarrita, argituko dugu OCUk, txostenean, zehaztuta duela emandako datuek zerikusia dutela ehorzketa "zuhur, duin eta luxu handirik gabekoekin". Halaber, gomendatzen du ehorztetxe batean baino gehiagotan galdetzea; izan ere, batzuen eta beste batzuen arteko aldea 2.000 eurotik gorakoa izan liteke Bilbon, ia 900 eurokoa Donostian, eta 1.600 bat eurokoa Iruñean.

Hileta zerbitzu batean, garestiena hilkutxa da; Estatu espainiarrean, batez besteko prezioa 1.200 bat eurokoa da.

Hileta aseguruaren gainean (hildakoari bermatzen dio hileta zerbitzuak babestuta dituela), OCUk dio senideek aintzat hartzen dutela, erosoa baita; hala ere, kontuak eginez gero, ez omen da gomendagarria: "Ordaindutako primen pilatutako balioa, askotan, ehorzketaren benetako kostua baino handiagoa izaten da". Ohikoa da, OCUren esanetan, primetan aseguratutako kopurua baino gehiago ordaintzea; hortaz, ikuspegi ekonomikotik, ez du konpentsatzen.

Hala, OCUren aholkua da, hileta asegurua badugu, aztertzea gure prima nolakoa den; hori "naturala" bada, alegia, gorakorra edo aldakorra, zahartu ahala gora egingo du, eta, beraz, hobe bertan behera uzten badugu. Alderantziz, prima "parekatua" bada, hau da, urtero kopuru bera ordaintzen badugu estaldura aldatu ezean, hobe eustea, baldin eta denbora luzea joan bada kontratatu genuenetik eta adinekoak bagara. Duela gutxi kontratatu bagenuen, baina, OCUren gomendioa baliogabetzea da.

Azkenik, OCUk aholkatzen du Aurretiazko Borondateen Dokumentua betetzea; horrek zehaztu egiten du zer nahi duen pertsona bakoitzak, heriotzaren osteko garairako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Donostia argazkiak Iruñeko bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Kontsumoa