Gizartea -
Trans legea
EAJk eta EH Bilduk ez binarioentzako eta intersexualentzako eskubide gehiago eskatu dituzte
Beste zortzi alderdirekin batera, trans legerako hamaika zuzenketa aurkeztu dituzte. Bitartean, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak PSOEri egotzi dio trans legearen "bihotza ukitzea" eta gobernu kideek adostutakoa "ez betetzea".
Agentziak | EITB MEdia
EAJk, EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, Juntsek, BNGk, PdeCATek, Mas Paisek, Compromisek eta Coalicion Canariak trans legerako hamaika zuzenketa aurkeztu dituzte batera; horietan, eskatzen dute nortasun agiriak eta formularioak dibertsitatera egokitzea, ez binarioak barne, eta aukera eman dezaten sexuaren gaineko aipamena alde batera uzteko. Bitartean, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak PSOEri egotzi dio trans legearen "bihotza ukitzea" eta gobernu kideek adostutakoa "ez betetzea".
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioaren nahia zen legean ez binarioen eskubideak aitortzea (alegia, ez genero maskulinoarekin ezta femeninoarekin identifikatuta dauden pertsonenak); azkenean, baina, Kongresura bidalitako proiektutik kanpo geratu ziren, Gobernuko koalizioan negoziazio gogorrak izan ostean; zuzenketak aurkezteko epea amaitzeko ordu batzuk falta zirela, Unidas Podemosek eta inbestiduran aliatuak izan ziren zenbait indarrek pertsona ez binarioak aitortzearen alde egin dute, eta intersexualen eskubideak handitzea nahi dute (azken horien genitalek forma anbiguoa dute, eta, hortaz, ez datoz bat emakumea/gizona sailkapen estandarrarekin).
Espainiako Gobernuak egindako lege proiektuak ahalbidetzen du gurasoek urtebetez uztea zuri generoaren laukia, umetxoak inskribatzean, mediku txostenak intersexualitatea zehazten badu; zuzenketak aurkeztu dituzten alderdien proposamena da epe hori luzatzea, eta hamar urtekoa izatea.
Horrela, agiri ofizialetan, interesa duen pertsonak hala eskatuta, sexuaren gaineko aipamena alde batera utz liteke.
Adingabeek erregistroan sexua aldatzeko baldintzak ez aldatzea eskatu dute (PSOEk, baina, murriztea eskatu du), eta, aldiz, nabarmendu dute adingabeek eskubidea dutela eskolan identifikatzen diren sexu edo generoan tratatuak izateko, erregistroan izena aldatuta.
Trans pertsonentzako tratamendu hormonalak eta kirurgikoak autonomia erkidegoen esku dauden arren, talde horien eskaria da, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunetan, bermatzea trantsizio prozesuak oinarrizko zerbitzuek babesten dituztela.
Halaber, trans pertsonen babesa nazioarte mailan hobetzeko beharra nabarmendu dute; ildo horretan, eskatzen dute bermatzea hizkuntza errespetuzkoa izatea asilo edo aterpe jasotzeko eskaria egiten dutenen "nortasunarekin eta sentitzen duten izenarekin".
Protokoloak galdegiten dituzte, identifikatzeko zein babes eskari egiten dituzten sexu edo genero orientazio edo nortasunagatik, genero adierazpenagatik edo sexu ezaugarriengatik. Halaber, eskatu dute bermatzea familia berriz elkartzea modu arinean egitea dela.
Hamar indarrek, halaber, nahi dute LGTBI gizataldeen eskubideak aldeztea garapenerako kooperazioko nazioarteko espainiar politikan, bai eta plataforma digitalak ixtera behartzea baldin eta LGTBI gizataldea diskriminatzen badituzte.
Monterok PSOEri egotzi dio trans legearen "bihotza ukitzea" eta gobernu kideek adostutakoa "ez betetzea"
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa oso kritiko azaldu da PSOEk trans legeari egin nahi dizkion aldaketengatik, eta egotzi dio legearen "bihotza ukitzea" eta gobernu kideek aurrez adostutakoa "ez betetzea". Hori horrela, aurkeztutako zuzenketak erretiratzeko eskatu dio alderdi sozialistari.
Kongresuan kazetariei egindako adierazpenetan, Berdintasun ministroak azaldu du "oso kezkatuta" dagoela PSOEren proposamen horiekin. Besteak beste, 12-16 urteko adingabe transexualei erregistroan esleitutako sexu kategoria aldatzeko epaile baten baimena beharrezko izatea nahi dute sozialistek.
"Nik Carmen Calvorekin adostu nuen trans legearen bihotza ez ukitzeko konpromisoa urratu du PSOEk. Ume transen eta 18 urtetik gorako pertsonen sexu identitatea libreki determinatzeko aukeraz ari naiz", esan du Monterok.
Ministroaren hitzetan, eginahalak egingo ditu Espainiak "pertsona transexualen, eta zehazki, ume transexualen giza eskubideak bermatzeko konpromisoa" bete dezan.
"Ez ditzagun ume transexualak eztabaidaren erdian jarri, ez dezagun krudelkeria hori egin", eskatu du. Argudiatu duenez, direna ezin da zalantzan jarri, eta "nahikoa sufritzen dute: diskriminazioa, indarkeria eta onarpenik eza pairatzen dute eskolan, familia barruan...", salatu du.
Voxek egindako galdera bati ere erantzun dio Monterok. Ultraeskuineko alderdiak adierazi du lege horrekin gizonek emakumeentzat gordetako espazioetan sartzeko aukera izango dutela emakume direla esatearekin bakarrik. Ministroak ihardetsi du emakume bati sexu erasoa egiteko "gizonek ez dutela emakume plantak egin behar".
"Pertsona transexualak ez dira emakumeak arriskuan jartzen dituztenak. Bai, ordea, soldata arrakala, zaintzaren desoreka edota erasotzaile matxistak. Zuok, diskurtso negazionista horrekin, erasotzaile matxista horien konplize bihurtzen zarete indarkeria normalizatzen duzuelako, eta zuon adierazpen LGTBIfobiko horiekin bihozgabe batek homosexual bat hiltzea normalizatu eta legitimatzen duzuelako", erantzun du.