Gizartea -

Frankismoaren biktimak

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak Memoria Historikoaren alde egindako 20 urteko lana ospatu du

"Artea Memoriarekin. AFFNA-36-NAFSEren 20 urte" jaialdia egin dute Gayarre antzokian, eta musika eta antzerkia izan dira urteurreneko jaialdiren ardatz.

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen familia argazkia: Argazkia: NAFSE
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen familia argazkia: Argazkia: NAFSE
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen familia argazkia: Argazkia: NAFSE

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak Memoria Historikoaren alde azken 20 urteetan egindako lana ospatu du gaur, eta presente izan dute euren ekimenez Nafarroako Parlamentuak 1936ko Estatu kolpearen harira fusilatutako nafarren errekonozimendua eta konponketa eskatzeko onartu zuen adierazpena.

2002ko azaroan frankismoan fusilatutako herritar nafarren senideek antolatutako elkartea familiarteko horien interesak defendatzeko eta Memoria Historikoa berreskuratzeko sortu zen, eta bide luzea egin du desagertuen bilaketa lanean, erakundeen aitortza lortuz eta errepublikarrak izateagatik 1936an fusilatutako pertsonei omenaldiak eginez.

Horren harira, elkarteak gogorarazi du Iruñeko gazteluaren inguruan omenaldia antolatzen duela urtero, "orainaldian egonik iraganera begiratzeko modua" delako. Dena den, beste herri batzuetan egiten diren antzeko ekitaldietan ere parte hartzen dute, tartean Agoitzen, Murchanten, Lodosan, Cintruenigon eta Castejonen, besteak beste.

Elkartearentzat mugarri izan ziren Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak, haien ekimenez, onartu zituzten memoriaren aldeko adierazpenak.

Sartagudako Memoriaren Parkearen eraikuntzan ere parte-hartze aktiboa izan zuten, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesuetan eta hobi komunen ikerketetan bezalaxe.

20. urteurrena

"Artea Memoriarekin. AFFNA-36-NAFSEren 20 urte" jaialdia egin dute Gayarre antzokian elkartearen 20. urteurrena ospatzeko, eta bertan izan dira Tdiferencia antzerki taldea, Ventura Ruiz bakarrizketalaria, Alaiz BHIko dantzariak, Los Lucians eta Botxorno musika taldeak, Natalia Jimenez jota kantaria, eta Fermin Balentzia, beste batzuen artean.

Memoriadun Literaturaren egileen omenez, berriz, Galo Viergeren lanaren zati bat irakurri du Gorka Vierge bilobak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa