Gizartea -

Osakidetza

Jaurlaritzak alegazioak aurkeztuko ditu Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren inguruko erabakiaren kontra

Gasteizko epaitegi batek zerbitzua Basurtuko Ospitaletik Gurutzetara eramateko prozesua behin-behinean geldiarazi zuen. Horren aurrean, Zupiriak azpimarratu du "Osakidetzak osasun sistema antolatzeko duen eskumena" defendatuko dutela.

Basurtuko Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Basurtuko Ospitalea.
Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema antolatzeko duen eskumena defendatuko du

1:24

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak alegazioak aurkeztuko ditu Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren lekualdaketa geldiarazi duen autoaren kontra, Bingen Zupiria bozeramaileak gaur, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, iragarri duenez.

Gasteizko epaitegi batek zerbitzua Basurtuko Ospitaletik Gurutzetara eramateko prozesua behin-behinean geldiaraztea agindu zuen atzo, eta, horren aurrean, Zupiriak azpimarratu du "Osakidetzak osasun sistema antolatzeko duen eskumena" defendatuko dutela.

Eledunaren esanetan, Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako Ospitalean "kontzentratzeak ebidentzia zientifikoa du oinarri". Azaldu duenez, horren arabera, "gero eta paziente gehiago artatu konplexutasun handiko prozedurekin, hobeak dira emaitzak".

Zupiriak esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak erabakia hartzeko zein gauzatzeko pauso guztien berri eman duela. "Hau ez da bart inork izan duen okurrentzia bat, bost urteko lana da, eta prozedura guztiak bete dira, eta behin moldatuta eta osatuta, mahai sektorialean eta lantaldeetan aurkeztu da", azaldu omen die Sagarduik.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi duenez, Osasun Sailaren helburua da "osasun arreta onena bermatzea, baliabideak planifikatuz eta sarean lan eginda". "Jaurlaritzak uste du pauso guztiak egin dituela eta ez du ulertzen epailearen erabakia".

Osakidetzak azaroaren 17an itxi behar zuen Basurtuko Ospitaleko zerbitzua, eta Gurutzetako erietxera lekualdatu. Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren autoak behin-behinean geldiarazi du prozesua, auziaren inguruko erabakia hartzen den bitartean. Ebazpenaren kontra ezin zitekeen helegiterik aurkeztu, baina administrazioari hiru eguneko epea eman zitzaion premiazko neurri horien kontra alegazioak aurkezteko. Ondoren, epaileak beste auto bat kaleratuko du, neurri horiek mantentzen edo indargabetzen dituen azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Bizkaia Barakaldo Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea