Gizartea -
Istiluak Iruñean
FC Bartzelonako ultrak identifikatzeko lanean ari dira, baina oraingoz ez dute inor atxilotu
Inguruko tabernetako lekukoen arabera, partida hasi baino ordu batzuk lehenago gertatu zen erasoak minutu gutxi iraun zuen, tabernak bezero gutxi zituenean. "Sartu, taberna txikitu, eta irten ziren", adierazi du horietako batek.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako eta Kataluniako Polizia Nazionala elkarlanean ari dira FC Bartzelonako eskuin muturreko ultrak (Boixos Nois) identifikatzeko; izan ere, asteartean hiru pertsona zauritu zituzten Iruñeko taberna batean, Indar Gorriko kideak biltzen diren tokian, hain zuzen ere, baina oraingoz ez dute atxiloketarik egin, polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Iturrama auzoko Ezpala tabernaren aurkako erasoa arratsaldeko 17:00ak aldera gertatu zen, 20 eta 30 pertsona arteko talde bat establezimenduan makilekin eta bengalekin sartu zenean. Ekintza hori Bartzelonako erradikalei egotzi zieten Osasunak zabaldutako ohar batean.
Inguruko tabernetako lekukoen arabera, Osasunak eta FC Bartzelonak Sadarren jokatu behar zuten partida baino ordu batzuk lehenago gertatu zen, eta erasoak minutu gutxi iraun zuen, tabernak bezero gutxi zituenean.
"Sartu, taberna txikitu, eta irten ziren; ez zigun astirik eman ezta ikusteko ere", adierazi du lekuko batek. "Konturatu ginenerako Polizia iritsi zen sirenekin, eta joanak ziren", gaineratu du.
Partiden aurretik, Indar Gorriko kideak taberna horretan elkartzen dira, eta handik Sadarrera joaten dira. Lekukoen arabera, erasotzaileen helburua ez zen Osasunako zale horiekin topo egitea, taberna txikitzea baizik, "lehenago joan behar zutelako".