Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Durangon gertatu zen bortxaketa saiakera bat ikertzen ari dira
Salatu dutenez, erasotzailea emakume bat bortxatzen saiatu zen, baina emakumeak "gogor egin zion aurre", eta erasotzaileak etsi eta ihes egin behar izan zuen.
Erredakzioa
Emakume batek sexu-eraso saiakera jasan zuela salatu zuen iragan igandean eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du auzia argitzeko, Herrizaingo Saileko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Durangoko Herria Bizilagun Elkarteak agiri batean azaldu duenez, salatzailea emakume gazte bat da. Haren esanetan, igandean izan zen bortxaketa saiakera, goizeko seiak aldera, Zabalarra auzotik gertu.
Erasotzailea emakumea bortxatzen saiatu zen, baina etsi eta ihes egin behar izan zuen emakumeak "gogor eutsi" ziolako eta "oihuka" hasi zelako.
Erasotzailearekin borrokan aritu ostean, biktimak "kalte fisikoak" jasan zituen eta "nerbio krisi sakon batean sartu zen".
Herria Bizilagunen Elkarteak "gertatzen diren erasoen inguruko informazio guztia" Ertzaintzari jakinarazteko eskatu die herritarrei eta horrelako gertakari "larriak" berriro gerta ez daitezen neurriak hartzeko eskatu die erakundeei.