Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek 14 urteko neska bat bortxatu eta hil du Okzitanian
31 urteko herritar frantziar bat da atxilotua. Nazionalitate espainiarra du biktimak, eta lehenengo bortxatua izan zen, Bordele eta Tolosa artean hilda agertu aurretik.
agentziak | eitb media
31 urteko gizonezko batek 14 urteko neska bat bortxatu eta hil du Okzitaniako Tonneins herrian. Gizonezkoak aurrekariak zituen adingabea zela egindako sexu-eraso batengatik. Neskak jatorri espainiarra zuen eta urtebete zeraman bertan bizitzen.
Romain da hiltzailearen izena, eta aitortu egin du neskatoa bahitu, bortxatu eta hil zuela, bertako hedabideek zabaldu dutenez. Fiskaltzak esan du ezin duela baieztatu bortxaketa autopsiaren emaitza jaso arte.
Gizonak ostiralean bahitu zuen neskatoa, Tonneinseko institututik atera zenean. Ibilgailuan sartu, bortxatu, hil eta Tonneinsetik gertu dagoen Birac-sur-Trec udalerriko etxebizitza abandonatu batean utzi zuen gorpua.
Auziak jota utzi du Frantziako iritzi publikoa, izan ere, gizonak aurrekariak zituen sexu-erasoagatik, baina ez zuen jarraipen psiko-sozial berezirik jaso eta ez zegoen poliziaren sexu predatzaileen artxiboan.
Vanesa da biktimaren izena, eta duela urtebete iritsi zen Bordele eta Tolosa arteko udalerrira familia osoarekin batera.
Biktimaren ama ospitaleratu egin behar izan zuten kolpe psikologiko handiagatik.