Gizartea -
haurtzaroaren eguna
Save The Childrenen arabera, 60 milioi haur inguruk pairatzen dute gose larria munduan
Haurtzaroaren Nazioarteko Egunean, GKEak nabarmendu du zifrarik altuena dela erregistroak daudenetik.
agentziak | eitb media
Haurtzaroaren esparruan lan egiten duten GKEak "oso kezkatuta" agertu dira munduan gosea pairatzen duten pertsonen kopurua "izugarri" hazi delako eta gose hori "hainbeste haurren" heriotza eragiten ari delako. Azken urtean egoerak okerrera egin duela azaldu dute, covidak eragindako pandemiaren, Ukrainako gerraren ondorioen eta krisi klimatikoaren ondorioz.
Save The Childrenek igande honetan, azaroak 20, Haurren Nazioarteko Eguna dela eta adierazi duenez, gose akutuak 222 milioi pertsonari eragiten die dagoeneko mundu mailan, erregistrorik dagoenetik kopururik altuena. Gainera, 828 milioi pertsona gosez oheratzen dira gauero, eta lau segundoan behin pertsona bat hiltzen da gosez munduan.
Munduan gose larria pairatzen duten pertsona gehienak haurrak dira, eta 2022 urtearen amaierarako munduan desnutrizio larria pairatzen duten 59 milioi adingabe izatea aurreikusten dute, duela bi urte 45 milioi izan zirelarik.
Egoera dramatikoa da Somalian, esaterako. "Onartezina da ezagutzak izanik eta tratamendu bat eskaintzeko aukera izanik, hainbeste haur hiltzea", ohartarazi du Blanca Carazo UNICEF Espainiako Programen arduradunak Europa Pressi eskainitako elkarrizketa batean.
"Horrek guztiak milioika haur eta familiarentzat elikagaiak lortzea gero eta zailagoa izatea eragiten du, elikagai gutxiago eta prezio garestiak daude, eta haien bizimoduak, kasu askotan, galdu egiten dituzte", azpimarratu du.
Testuinguru horretan, desnutrizioa duten haurren kopuruak "oso gorakada handia" izan duela ikusi dute, "iaz baino % 70 gehiago". UNICEFen helburua ez da soilik haien nutrizio programekin hori arintzea; prebenitzea ere bada, bereziki.
"Desnutrizioaren arazoa ez da bakarrik elikagai faltarena, baita ur faltarena eta laguntza medikoarena ere", adierazi du Carazok. Horregatik, sakondu du baliabide gehiago behar direla mekanismo erresistenteagoak izan ditzaten.
Horregatik guztiagatik, GKEek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela diru gehiago bideratzea munduko gosearen hazkunde "aparteko" hori geldiarazteko. Ildo horretan, Save the Childrenek inoizko diru bilketa kanpainarik handiena abiarazi du.
'Gosearekin apurtu' (#RompeConElHambre, sare sozialetan) lelopean, erakundeak herritarren lankidetza eskatu du, dohaintza indibidualen bitartez. Era berean, gobernuei eskatu die "premiazko" neurriak har ditzaten, "inorentzat onargarria izan behar ez litzatekeen errealitate bati" aurre egiteko.