Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxistarekin lotutako delitu kopurua % 14,6 hazi da EAEn

Ertzaintzak 4.951 salaketa jaso zituen urtarriletik irailera, eta 3.696 izan ziren biktimak. Gaur egun 5.144 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: Efe
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: Efe
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko urtarriletik irailera Ertzaintzak indarkeria matxistarekin lotutako 4.591 delituren berri jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Aurreko urteko denbora tarte bera aintzat hartuz gero, % 14,6koa izan da gorakada. Guztira 3.696 emakume izan dira delitu horien biktimak, eta kasu horretan hazkundea % 13,2koa izan da.

Lurralde historikoka, Bizkaian izan da delitu kopuru handiena, baina hazkundea nabarmenagoa izan da Gipuzkoan (1.518), % 20koa hain zuzen re. Bizkaian (2.375) eta Araban (698) igoera % 10ekoa eta % 16koa izan da, hurrenez hurren.

Aurten, oraingoz, bikotekideak edo bikotekide ohiak ez du emakumerik hil EAEn, baina lau saiakera izan dira (2021ean bezalaxe). Hala ere, indarkeria matxistarekin lotuta, familia barruko hilketa bat izan zen, semeak 90 urteko ama hil baitzuen Barakaldon.

Salaketa guztien artean, gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeria kasuak dira, 3.227 hain zuzen ere, iaz baino % 17,2 gehiago. Tratu txar fisikoak, irainak eta lesioak dira batik bat, mehatxuekin eta jazarpenarekin batera.

Horiez aparte, etxe barrukoak izaten dira emakumeen aurkako eraso gehienak, eta aurten 897 kasu erregistratu dituzte, iaz baino % 1,6 gehiago.

Bestalde, hazkunde handia atzeman da, bi urteak alderatuz gero, sexu askatasunaren aurkako delituetan: 397 izan dira aurten, eta 312 iaz, hau da, % 27,2ko gorakada.  Aipatu iturrien arabera, Ertzaintzaren jardueraren zutabeetako bat da indarkeria matxistaren biktimen babesa. Horregatik, gaur egun 5.144 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes neurriren bat.

Gainera, 71 gizonezkok kokapen eskumuturrekoak daramatzate epailearen aginduz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak