Gizartea -

Ertzaintza

Gutxieneko altuera kendu eta andrazkoentzako plazen ehunekoa igoko dute Ertzaintza berdinzaleagoa helburu

Emakumeak EAEko polizian sartzea sustatzeko lehen plana aurkeztu du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak. Ortzimuga 2026an jarrita, neurriak hartuko dituzte progresiboki andrazkoen presentziak gora egiteko.

Ertzaintzaren bi agente, Irekiaren artxiboko argazki batean.
Ertzaintzaren bi agente.
Ertzaintzaren bi agente, Irekiaren artxiboko argazki batean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintza berdinzaleagoa du helburu, gaur gaurkoz EAEko polizian dauden andrazkoen % 16,5 hori handitu —% 33 da helburua— eta emakume eta gizonen arteko presentzia orekatzeko. Hori xede, "Emakumeak Ertzaintzaren B Eskalako Agente kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026" aurkeztu du gaur Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak. Besteak beste, Ertzaintzan sartzeko orain arte ezinbestekoa zen gutxieneko garaiera (1,60 m) ezabatuko dute, eta urtez urte, andrazkoentzat gordetako plazen ehunekoa igotzen joango dira, legez baimendutako langara (% 40) helduta.

Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean Erkorekak berak eskatutako agerraldian azaldu duenez, datozen lau urteotan indarrean jartzen joango diren 45 neurri zehatz jasotzen ditu planak. Segidan, egitasmoaren nondik norakoak aletu ditu Eneritz Errasti Izaguirre Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Berdintasuneko teknikariak. 

Urtebetez Ertzaintzaren egoera eta neurri berdinzale posibleak aztertzen ibili da lantalde bat. Atzemandako hutsuneen artean konturatu dira emakume askok ez dutela ertzain izatea pentsatu ere egin, erreferenterik ez izateagatik. Hori konpontzeko, genero ikuspegia duten publizitate eta sentsibilizazio kanpainak garatuko dituzte, eta Batxilergoko, LHko eta Unibertsitateko ikasleen artean ertzain lanbidearen ezagutza bultzatuko dute.

Halaber, aurrerantzean ez da 1,60 metroko gutxieneko garaiera eduki beharko Ertzaintzan sartzeko.

Hautaketa eta formakuntza prozesuan bertan, emakumeek beteko dituzten plazen ehunekoa handitzen joango dira apurka-apurka. Aurten, % 33koa izango da; datorren urtean, % 35ekoa; 2024an, % 37koa; 2025ean, % 39koa; eta 2026an, % 40koa (legeak baimendutako gehienekoa).

Erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeek hurrengo deialdian egin ahalko dituzte proba fisikoak. Era berean, lanarekin lotutako ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin zerikusia duten emakumeen behar bereziak aztertuko dituzte.

Lau urtean behin, sarbide probak berrikusiko dituzte genero ikuspegitik, eta Ertzaintzako irakasleen artean, emakume gehiago jartzen saiatuko dira.

Azkenik, sexu erasoaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezarriko dute Ertzaintzaren Akademian. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Matxismoa Feminismoa