Gizartea -

ELIKAGAIEN BILKETA HANDIA

Bizkaiko Elikagaien Bankuak aurreko urteetan baino dohaintza gehiago behar ditu prezioen igoeragatik

Elikagaien bilketa handia ostiralean eta larunbatean egingo dute, eta Bizkaian, esaterako, milioi bat kilo biltzeko erronka jarri dute. Halaber, 800 eta 1.000 boluntario inguru behar dituztela adierazi dute.

Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak biltegian lanean. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak biltegian lanean
Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak biltegian lanean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Elikagai Bankuetako biltegiak janariz hustutzen ari dira, eta, ondorioz, aurreko edizioetan baino elikagai gehiago biltzea dute helburu ostiralean eta larunbatean egingo den Elikagaien Bilketa Handian. Prezioen igoera orokorrak eragina izan du horretan.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak, esaterako, milioi bat kilo janari bildu nahi du, iaz lortutakoa baino 300.000 kilo gehiago.

Aurtengo bilketa kanpainaren aurkezpenean Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidenteak azaldu duenez, ekimena aurrera ateratzeko boluntario gehiago behar dituzte. Guztira, behar diren 5.000 boluntarioetatik 800 eta 1.000 artean behar dituzte, batez ere, Gernikan, Bermeon, Sestaon, Gurutzetan eta Bilbon.

Pandemia garaian etena izan ostean, aurten, Bizkaiko 250 dendatan, bilketa fisikoari ekingo zaio berriro. Hori albiste ona da Elikagaien Bankuarentzat, Crovettoren arabera, "pertsonen % 40ri ez baitzaie bonuak eta dirua ematea gustatzen". Horrez gain, elikagai bonuak erosteko aukera izango da.

Crovettoren esanetan, bereziki garrantzitsuak dira haurrentzako elikagaiak, "garestiagoak baitira", olioa eta kontserba latak.

Crovetto baikor agertu da aurtengo bilketari dagokionez, bere esperientziaren arabrea, krisi handieneko garaietan, pertsonek gehien gastatzen baitute dohaintza egiterakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nutrizio albisteak Pobrezia eta desnutrizioa Hipermerkatuei buruzko albisteak