Gizartea -
Pintaketak
Feminismoaren eta euskararen aurkako pintaketak agertu dira Donostiako Zurriola Ikastolan
Eskolak larritzat jo ditu feminismoaren, "euskararen inposizioaren" eta EH Bilduren kontra asteburuan idatzitako mezuak, eta salaketa jarriko du.
M. D. | EITB Media
Mezu iraingarriak agertu dira Donostiako Zurriola Ikastolan. Eskolak salatu duenez, "ikastolaren ardatz diren ideien" kontrako bost pintaketa egin dituzte, feminismoaren eta euskararen aurka.
Ikastolak "oso harrituta" hartu ditu asteburuan egindako pintaketak, eta larritzat jo ditu. Era berean, azaroaren 20ko datarekin lotu ditu. Faxistek Francisco Franco Espainiako diktadorea omentzen dute oraindik egun horretan, bere heriotzaren urteurrenean.
Esther Amondarain zuzendariak eitb.eus-i esan dionez, "ez da batere ohikoa" horrelako mezuak ikustea: "Ez dugu batere ondo jaso". Ikastolako arduradunak bideokameren irudiak aztertzen ari dira, eta salaketa jarriko dute.
Feminismoaren, euskararen eta EH Bilduren aurkako mezuak, baita Espainiaren aldekoak ere, astelehen goizean ikusi zituzten, Hurra eraikineko bi hormatan idatzita.
Ikastolak ikasleekin lanketa positiboa egiteko baliatu du gertakizuna. Zuzendariak azaldu duenez, ikasleak prest agertu dira pintaketak estaltzeko.