Saretzen -

Saretzen

Hego Euskal Herriak % 8,3 handitu du bere biztanleria azken bi hamarkadetan

Ehunekoei begira, gehien hazi diren lurraldeak Araba eta Nafarroa dira, Gipuzkoako eta Bizkaiko hazkundea askoz ere txikiagoa izan den bitartean. Dagoeneko, heriotzak jaiotzak baino gehiago dira, eta hazkundea migrazio-mugimenduek bultzatua izan da.

Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herria osatzen duten lau lurraldeetako biztanleria ia-ia etengabe hazi da urtez urte 2001etik 2021era. Zehatzago, 20 urtean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako populazioa % 8,3 handitu da. Hala ere, hazkundea ez da jarraia izan, 2012 eta 2016. urteen arteko aldian, goranzko joera eten, eta behera egin baitzuen biztanle kopuruak; 2020-2021. urte arteko epean ere, gurean bizi zen jendearen zenbatekoak behera egin zuen.

Joera hori, baina, ezberdina izan da lurraldez lurralde; izan ere, Nafarroa eta Araba izan dira biztanle gehien hartu dituztenak, % 19 eta % 16, hurrenez hurren. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hazkundea motelagoa izan da, % 2 eta % 7koa, hain zuzen ere.

Gora-egitea orokorra izan den arren Hego Euskal Herri osoan, eskualdez eskualde zein udalerriz udalerri, aldiz, joerak askotarikoak izan dira. Hala, Araban, Gorbeialdea izan da portzentajeei dagokienez gehien hazi den eskualdea (% 33,45), Lautada biztanle gehien batu dituen eskualdea izan arren. Bizkaian, Plentzia-Mungia eskualdea % 29,07 hazi da, Lea-Artibaik eta Bilbo Handiak auzokideak galdu dituzten bitartean, % 0,82 eta % 1,69, hurrenez hurren. Gipuzkoan, Urola Kosta izan da gehien hazi den eskualdea, tokiko biztanleria % 15,94 handituta, eta Nafarroan, berriz, Iruñerriak pilatu du gizon-emakume gehien, % 28,54ko hazkundearekin. Lurralde horretan, bestalde, biztanleriaren galera handiak bizi izan dituzte azken bi hamarkadetan Pirinioetan eta Zangozerrian, % 24,27 eta % 5,21, hurrenez hurren.

Baina, zerk eragin du hazkunde hori? 2000ko lehenengo hamarkadan, jaiotzak heriotzak baino gehiago ziren Hego Euskal Herrian, hala ere, bien arteko aldea ezberdina izan da urtez urte eta lurraldez lurralde. Hala, Bizkaian, azken 20 urteetan, beti heriotzak jaiotzak baino gehiago izan diren bitartean, gainontzeko lurraldeetan joera hori beranduxeago heldu da: Araban, 2018an; Gipuzkoan, 2013an; eta Nafarroan, 2017an. Urte horiez geroztik, jaiotzen eta heriotzen arteko balantzea negatiboa izan da gure lurraldeetan; tokiko biztanle gero eta gutxiago egon da gurean 2010etik. Beraz, bilakaera beheranzkoa izan bada, zerk eragin du hazkunde demografikoa azken hamarkadan?

Heriotzen eta jaiotzen arteko balantzea gorabeheratsua izan da Hego Euskal Herrian 2010era arte, baina betiere goranzko joerarekin; ordutik, aldiz, balantzeak behera egin du etengabe 2020ra arte, 2021ean koska bat gora egin baitzuen. Hala ere, orokorrean, gurean bizi den gizon-emakume kopuruan ez da aldapa hori horrenbeste nabaritu. Zergatik? Bada, migrazio-fluxuengatik.

Kanpotik gurera etorritakoak, hazkundearen bultzatzaile

Migrazioak bi motatakoak izan daitezke: barne- edo kanpo-migrazioak; hau da, fluxuak joatekoak (emigrazioa) edo etortzekoak (immigrazioa) dira. Ohikoa da nork bere udalerria atzean utzi eta beste lekuren batera joatea, eta, horrek, eragin bizia izan du Hego Euskal Herriko biztanleriaren bilakaeran.

Orokorrean, kanpotik etorritako pertsona gehiago izan da beti Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, baina, hainbat fenomeno direla medio, bi inflexio puntu atzeman daitezke guztietan, Gipuzkoan izan ezik, bertan, immigrazioak emigrazioak baino ugariagoak izan baitira azken bi hamarkadetan. Halere, Araban, Bizkaian eta Nafarroan urte bat nabarmentzen da: 2012. Urte horretan, bilakaera irauli egiten da, immigrazioak behera egiten du, eta, kasu batzuetan, emigrazioak gora, saldoa negatiboan utzita.

Atzerriko immigrazioaren kasuan, hazkunderako bi kolpe nabari dira lau lurraldeetan: 2001-2007 artekoa eta 2015-2019 artekoa. Kontrara, beherakada nabarmenak daude tarteko urteetan: 2008-2012 eta 2020-2021 aldietan. Lehenengo inflexio puntua krisi ekonomiko globalak eragin zuen, bigarrenaren eragile nagusia covid-19aren pandemia izan zen bitartean.

Aldiz, Espainiako Estatutik etorritakoen kasuan, joera gorabeheratsuagoa da, eta, orokorrean, hazkundea etengabea da 2011ra arte, 2007ko kolpea nabarmenduta; desazkundea atzerritarren kasuan baino beranduxeago gertatu zen, 2011n, eta, 2013tik aurrera, gora eta behera ibili da, 2016an nabarmen gora egin ondoren. 2020an ere, covid-19ak eraginda, beherakada izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Datu-kazetaritza Euskadi