Gizartea -
A25
Milaka emakumek indarkeria matxistaren aurka inplikatzeko dei egin diete erakundeei eta gizonei
Justizia "feminista" aldarrikatu dute A25eko manifestazioek, eta gizonei ere dei zuzena egin diete, "bakarrik bai da bai" uler dezaten.
EITB Media
Milaka emakume kalera atera dira ostiral iluntzean hiriburuetan eta beste hainbat euskal herritan, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean, "justizia feminista" aldarrikatzeko eta gizonei "bai bakarrik da bai" adierazteko.
Aurtengo A25a auzitegiek baldintzatuta heldu da. Izan ere, hainbat epaitegik sexu erasotzaileen kondenak murriztea erabaki dute, "bai bakarrik da bai" legearen zirrikitu batzuk oinarri hartuta. Horregatik, justizia feminista aldarrikatu dute emakumeek kaleetan.
Mezuak eta kanpainak gizonei ere zuzenduta izan dira, pasibotasunari utzi eta berdintasunaren aldeko borrokan inplikatu daitezen.
Manifestazio jendetsuena Bilbon egin dute, "Beldurra eta kontrola zuentzat. ¡Estamos organizadas y hasta las tetas" leloarekin. Martxa Jesusen Bihotza plazatik abiatu da, eta udaletxearen aurrean bukatu. Ibilbidean, baina, hainbat auzotatik heldutako emakumeak batu dira.
Besteak beste, "Erasorik ez, erantzunik gabe", "Kaleak, gaua, geureak dira" eta "Erasoen aurka, autodefentsa feminista" aldarriak oihukatu dituzte parte-hartzaileek.
Bilboko mugimendu feministak bereziki bi ideia nabarmendu nahi izan ditu manifestazioan: "erakundeek gauzatzen duten indarkeria matxista" salatzea eta gizonei dei egitea berdintasunaren aldeko borrokan inplikatu daitezen.
Gasteizen, Donostian, Iruñean eta beste hainbat herritan eta hiritan ere antzeko protestak egin dituzte. Baionan, larunbatean izango da hitzordua.
Goizean, EAEko eta Nafarroako erakundeek indarkeria matxista guztiak gaitzetsi dituzte hainbat elkarretaratzetan, arratsaldeko manifestazioen atarian.
Eusko Jaurlaritzako kideak Lehendakaritzan bildu dira goizean, Iñigo Urkullu lehendakari buru zutela. Han egon dira, horrez gain, Jaurlaritzako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.
Hain justu, elkarretaratzea baino lehen, eta ETBko "Egun On Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketa batean Elgarrestak berak emakume helduek jasaten duten indarkeriaz ohartarazi du.
Nafarroako Gobernuak, ostera, eguerdian egin du elkarretaratzea Iruñean, eta urte hasieran senarrak Tuteran hil zuen Sara Pina gogoratuko dute.