Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Espetxeratu dute Errenterian emakume bati kalean sexu erasoa egiteagatik atxilotutako gizona
Gaur goizean, 35 urteko akusatua epailearen esku utzi dute, eta arratsaldeko azken orduan epaileak Martuteneko espetxean sartzeko agindua eman du.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak igandean Errenterian (Gipuzkoa) atxilotu zuen 35 urteko gizonezkoa Martuteneko espetxean sartzeko agindua eman du epaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Igandeko 07:00ak pasata, SOS Deiak-112 Larrialdiak Koordinatzeko Zerbitzuak dei bat jaso zuen, Errenterian emakume bati kalean sexu erasoa egin ziotela ohartarazteko.
Ertzaintzaren hainbat agente bertaratu ziren, eta biktima eta ustezko erasotzailea aurkitu zituzten, azken hori ihes egiten saiatu bazen ere, ertzainek ikusi zituztenean.
Gizona atxilotu egin zuten, sexu eraso delitu bat egotzita, eta, ondoren, ertzain etxera eraman zuten, beharrezko eginbideei ekiteko.
Gaur goizean, akusatua epailearen esku utzi dute, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du arratsaldeko azken orduan.