Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Garraio publikoaren gaineko deskontua 2023an ere mantentzea "arduragabekeria" dela uste du Eneko Goiak
Gaur egun garraio publikoan aplikatzen den % 50eko deskontua datorren urte osoan egongo da indarrean Gipuzkoan. Espainiako Gobernuaren erabakiaren zan egon gabe hartu du erabakia Gipuzkoako Garraio Agintaritzak. Donostiako Udalarekin "desleial" jokatzea egotzi dio PSE-EEri.
O. A. | EITB MEDIA
Garraio publikoari gaur egun aplikatzen zaion % 50eko deskontua datorren urte osoan egongo da indarrean Gipuzkoan. Horrela erabaki zuen atzo Gipuzkoako Lurralde Agintaritzak Espainiako Gobernuak egingo duenaren zain egon gabe.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, beherapen hori luzatzea "arduragabekeria" dela adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak eta PSE-EEri leporatu dio Donostiako Udalarekin "desleial" jokatzea. "Gipuzkoako Foru Aldundia, garraio arloan behintzat, Donostiaren aurka egiten ari da", nabarmendu du.
Donostiari dagokionez, 10 milioi euroko kostua izango du garraio publikoaren deskontua 2023. urtean mantentzeak Eneko Goiaren arabera. Gauzak horrela, % 50eko beherapen hori nola ordaindu behar duen argitu behar dela iritzi dio, izan ere, ez Espainiako Gobernuak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute beren jarrera definitu oraindik. Kostu hori Udalak bere gain hartu beharko balu, hainbat zerbitzu hobetzea ezinezkoa izango dela onartu du alkateak.