Gizartea -
Sexu Esplotazioa
Sexu esplotazioaren biktima ziren 63 emakume eta neskato askatu dituzte 2010etik Euskadin
Denbora tarte horretan, gainera, 72 esplotatzaile atxilotu edota ikertu dituzte. Euskadin 1.100 bat emakume ari direla prostituzioan, 120 leku ezberdinetan. Askatu dituzten emakume biktima gehienak Kolonbiatik, Nikaraguatik eta Nigeriatik etorritakoak dira.
Iker Gonzalez | eitb media
Sexu esplotazioa xede duen emakume eta neskatoen salerosketak biktimak eragiten ditu urtero Euskadin. Hala, 2010tik hona, Ertzaintzak 65 biktima askatu ditu, horietatik 63 emakumezkoak, eta 2 gizonezkoak dira; eta berauek esplotatzen zituzten 72 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte.
Datuok gaur eman dituzte ezagutzera "Erronka berriak Gizakien Salerosketaren eta Sexu Esplotazioaren aurrean" jardunaldian, Ertzaintzak antolatuta, "pertsonen, kasurik gehienetan emakume eta neskatoen, oinarrizko eskubideei eraso egiten dien delitu larri honi buruz hausnarketa egiteko".
Segurtasun Sailak eskuartean dituen datuen arabera, Euskadin 1.000 pertsona inguru ari dira prostituzioan, 120 leku ezberdinetan, eta horixe da pertsonen salerosketa gauzatzen den esparrua.
Ertzaintzak antolatutako jardunaldiotan, hiru ikuspegitatik jorratu dute gisa horretako pertsonen salerosketa; poliziaren, epailetzaren eta gizartearen ikuspuntutatik, hain zuzen. Gainera, nazioartetik etorritako ahotsak ere entzun dira, besteak beste, esplotazioaren biktima izan den Kelly izeneko emakumeak hitza hartu du, jasandakoaren nondik norakoak azaltzeko. Izaskun Gomez Leisek, indarkeria matxistan eta gizakien salerosketan aditua den agenteak, elkarrizketatu du Kelly. Biktima esklabu bihurtu zuten eta sexualki mendean hartuta zuten.
Kelly Brasiletik heldu zen bere osaba-izekoek engainatuta, jardunaldiotan azaldu duenez. Haiek Portugaleten bizi ziren, eta esan zioten Kellyri etor zitekeela lanera, eta udalerri bizkaitarreko etxean hartuko zutela, ezer ordaindu barik, ezta hegazkin bidaia ere. Alabaina, heldu zenean, ikusi zuen egoera oso bestelakoa zela, izekoak esan zion prostituzioan lan egin eta dirutza irabaz zezakeela. Kellyk ezetz esan zuenean, aurretik "doakoa" izan ziren gauza guztiengatik ordaindu gabekoa eskatzen hasi zitzaizkioten, hau da, Brasilen bizi izan zen garai bateko etxearen alokairua, hegaldia, Portugaleteko etxeko alokairua, janaria... ezinezkoa zen Kellyrentzat gastu guzti horiei aurre egitea.
Hortik aurrera, Kelly lekuz aldatzen hasi ziren, poliziek atzeman ez zezaten. Hala, Kelly Santanderrera, Extremadurara, berriro ere Santanderrera... eraman zuten. Sexu esplotazioaren bidez bildutako dirua izekoak kudeatzen zuen, Kellyk ez zuen sosik jaso. Brasilera itzuli nahi zuela esaten zuen bakoitzean, berriro ere eskatzen zioten alokairuagatik, argindarragatik, janariagatik... pilatutako zorrak ordaintzeko. Ertzaintzak egindako ikerketa baten ondorioz, Kelly askatu zuten, eta jasandako amesgaiztoa kontatu du liburu batean.
NBEk egindako kalkuluei erreparatuta, urtero 70.000 emakume inguru etortzen dira Europara mundu osotik, salerosketaren biktima; XXI. mendeko esklabutza da. Euskadiren kasuan, biktimak, emakume zein neskato, hainbat herrialdetatik etorritakoak dira, baina nagusiki Kolonbia, Nikaragua eta Nigeriatik abiatu dira.