Gizartea -

Krisia Osakidetzan

Zer gertatzen ari da Donostialdeko ESIan?

Donostialdeko ESIa eta Osakidetza aurrekaririk gabeko krisi egoera batean daude ostiraletik. Hau da azken egunotan gertatu dena.

Donostialdeko ESI. Argazkia: EFE
Donostialdeko ESI.
Donostialdeko ESI. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zenbait zuzendari kargugabetu eta Donostia Ospitaleko zuzendaritzako beste kide batzuek dimisioak eman ondoren, Donostiako ESI krisian dago. Oposizioko alderdi politikoek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute.

Joan den abenduaren 1ean, osteguna, Osakidetzak kargutik kendu zuen Donostialdeko ESIko kudeatzailea, Itziar Perez, arrazoiei buruzko informaziorik eman gabe. Berak barruko mezu batean jakinarazi zuenez, "Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin lerrokatuta ez dagoelako" kendu zuten kargutik.

Hurrengo egunean, Idoia Gurrutxaga Donostialdeko ESIko zuzendari medikoaren txanda izan zen, 9 urtez arduradun mediko gisa aritu ondoren. Horren ostean, dimisioak iritsi ziren: Gurrutxagak kargua utzi zuela jakin bezain laster, Adolfo Begiristainek dimisioa aurkeztu zuen.

Orain arte kirurgia arloko zuzendariorde izan denak gogor kritikatu zituen Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren jarduteko moduak, eta salatu zuen "irizpide politikoz eta laguntasunagatik" hartzen dituela erabakiak, irizpide medikoak eta profesionalak baztertuta.

Hurrengo orduetan, Maite Martinez zentroko zuzendariorde medikoak ere dimisioa eman zuen, azken asteetako kargu uzteak guztiz bidegabeak izan direlakoan.

Donostialdeko ESIaren egoera okertu ostean, sei karguetatik bakarra geratzen zen organigraman: erizaintzako zuzendaria. Gauzak horrela, astelehen honetan, Agustin Agirre, orain arte Bidasoako ESIko zuzendari gerentea, organigraman sartu eta Itziar Perezen kargua hartu du behin-behinean, Donostialdea ESIko jarduneko kudeatzaile berri gisa.

Ezarritako aldaketekin, zuzendaritzaren organigramak sei postu ditu hutsik. Osasun sailburuak iragarri du datozen asteetan Ekonomia Zuzendaritzako eta Pertsonaleko arduradun berriak sartuko direla. Oraindik ez dute jakinarazi nortzuk izango diren.

Zerbitzuburuen kritikak

Era berean, Donostialdea ESIko 23 zerbitzuburuk "Osakidetzako zuzendaritza nagusiko kideen kargugabetzea" eskatu diote Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari, "zentzugabekeria horren konplize eta azken arduraduna izan nahi ez badu". Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari "politika suizida" egitea leporatu diote, eta kargugabetu dituzten arduradunen "balioa eta ausardia" txalotu dituzte, sistemarekiko konpromisoa lehenetsi dutelako beti, eta proposatutako neurri guztiak zerbitzua hobetzea izan dutelako helburu.

Bien bitartean, alderdi politikoek sailburuaren agerraldia eskatu zuten krisiari buruzko azalpenak emateko. Ia hiru egun isilik egon ostean, Sagarduik prentsaurrekoa eman du lehendakaritzan, astelehenean, eta azaldu du Donostialdeko ESIan izandako kargu uzteak osasun eskualdeko asistentzia sarearen inguruko "iritzi desberdintasunen" ondorio direla, eta gaineratu du "pertsonak aldatzea aholkatzen duten gertakarien kateatze" baten ondoren erabaki direla, gertaera zehatzak zeintzuk izan diren zehaztu gabe.

Oposizioak sailburua kargutik kentzea eskatu du

Sailburuaren prentsaurrekoaren ostean, EH Bilduk Osasun sailburua kargutik kentzea eskatu du, "azken urteetan bizi izan den krisi politiko eta instituzional handienean izan dituen erantzukizunei ihes egiteagatik".

PP+Cs-ek, Sagarduiren agerraldiaren aurretik, Urkullu lehendakariari eskatu dio hura kargutik kentzeko. Elkarrekin Podemos-IUk, beste bi alderdiek bezala, sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean.

Bestalde, PSE-EEk gardentasunez jokatzeko eta elkarrizketa sustatzeko eskatu du, gatazkak saihesteko. Era berean, azpimarratu dute bestelako zentzu batean egindako jarduerarik "ez dutela partekatuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak