Gizartea -

Indarkeriz matxista

Gizon batek hiltzen utzi du esklerosidun emaztea bost egunez, hark erorikoa izan ostean

Hil zen arte, erori eta bost egunera, ez zion medikaziorik eman gaixotasun neurologikoagatik, eta ez zion gutxieneko zaintzarik eman. Biktimak eta haren alabak tratu txarrengatik eta mehatxuengatik salaketak jarriak zituzten aurrez gizonaren kontra.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 68 urteko gizon bat atxilotu du esklerosi anizkoitza duen 67 urteko emaztea hiltzen uzteagatik. Gizonak ez zion sorospen edo medikaziorik eman bost egunez, Vallecaseko Zubiko (Madril) bere etxean erorikoa izan eta gero.

Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak asteazkenean baieztatu duenez, hilketa matxista izan da. Honekin 40 dira jada aurten Espainian gizonek hil dituzten emakumeak, eta 1.173 2003tik, erregistroak hasi zirenetik.

Ustezko hiltzaileak deitu zien larrialdi zerbitzuei igandean, hilak 4, biktima hil zenean. Ertzainek baldintza "tamalgarrietan" aurkitu zuten, eta gizonak esan zien, laguntzarik ez ziola eman, emazteak berak hala eskatu ziolako.

Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzako iturriek EFEri jakinarazi diotenez, biktimak eta haren alabak gizonaren aurkako salaketak jarriak zituzten tratu txar eta mehatxuengatik.

Gorpua aurkitu zutenean, atxilotu egin zuen gizona Espainiako Poliziak, sorospen-betebeharra ez betetzearen delitua egotzita.

Gizonak agenteei esan zienez, emazteak, bost egun lehenago erorikoa izan ondoren, ez laguntzeko eskatu zion. Hil zen arte, ez zion medikaziorik eman gaixotasun neurologikoagatik, eta ez zion gutxieneko zaintzarik eman, Polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Madrilgo epaile batek behin-behineko espetxealdia ezarri dio atxilotuari, hilketa delitua egotzita.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Madril