Gizartea -
frankismoaren biktimak
Frankismoaren biktimen 30 gorpuzki inguru aurkitu dituzte Urduñako hilerrian
Frankismo garaian Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren pertsonen deshobiratze-lanen barruan eginiko aurkikuntza da. 2014an bilatu ziren lehen gorpuzkiak berton, eta geroztik, Aranzadi Zientzia Elkarteak lanean ziharduen beste lurperatze-gune batzuen bila.
eitb media
Eusko Jaurlaritzaren 'Gerra Zibileko desagertuen bilaketa' programaren barruan Urduñako hilerrian egiten ari diren deshobiratze-lanetan, garaiko espetxe frankistan hildako 30 bat biktimen gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak.
2014an, ustez 1941eko otsaila eta ekaina bitartean Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak atera ondotik, hilerrian beste lurperatze-gune batzuk egon zitezkeela uste zen. Geroztik, biktima gehiagoren bila lanean ziharduten, eta zuzen zeudela egiaztatu du aurkikuntza horrek.
Datorren larunbatean, abenduaren 10ean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lanen jarraipena egingo du lekuan bertan.
Gogora Institutua espetxe horretako biktimen senideekin harremanetan dago uneoro, lurpetik ateratzeko lanetan egindako aurrerapenen eta aurrerantzean egin daitezkeen identifikazio-lanen berri izan dezaten.