Gizartea -
elikagai bankuak
Hego Euskal Herriko elikagai bankuek 2,2 milioi kilo inguru jaso dituzte azaroko bilketa berezian
Bildutako kiloak 77.000 pertsonaren artean banatuko dituzte.
i.l.k. | eitb media
Hego Euskal Herriko elikagai bankuek azaroan egin duten Bilketa Handia deritzonaren baitan, 2,2 milioi kilo jaso dituzte guztira, ostiral honetan jakin denez. Pozik agertu dira jendeak izan duen erantzunarekin, eta bildutako kilo horiek 77.000 mila pertsonaren artean banatuko dituzte orain.
Neguko bilketa horrek arindu egin du Euskal Herriko elikagai bankuek bizi zuten egoera kezkagarria eta, helburura erabat iritsi ez arren, oro har pozik azaldu dira aurten jasotakoarekin.
Olioa, pasta, arroza eta umeentzako produktuak izan dira nagusi oinarrizko produktuen artean, baina aurten bestelako ekarpenik ere egiteko aukera izan da, dirutan zein bonu bidez.
Hala, Bizkaian egindako balantzearen arabera, 900.000 kilo janari inguru baliatu ahal izango dituzte ondorengo hilabeteetan, bildutako elikagaiak eta diru bonuak batuta. Datu esanguratsua da; izan ere, milioi bateko helburura nabarmen gerturatu da, eta pandemia aurreko datuak gainditu ditu berriro.
Hain zuzen ere, 300.000 kilo janari bildu dituzte, eta beste 600.000 kilo bonutan, azken kasu horretan euro bakoitzak kilo bat ordezkatuko lukeelarik.
Gipuzkoan, berriz, diru bilketa 2021koaren parekoa izan da, dagoeneko 630.000 kilo janari zenbatu direlarik. Edonola ere, inflazioa tarteko, % 20ko murrizketa izan da duela hiru urteko datuen aldean.
Araban, 50.000 kilo elikagai jaso dituzte Bilketa Handiaren baitan, 75.000 euro kontuan eta beste 50.000 euro bonutan. Orotara, beraz, 275.000 mila kilo utzi ditu bertan aurtengo kanpainak.
Nafarroari dagokionez, 250.000 kilo inguru bildu dituzte guztira, 172.000 euro kontuan eta 70.000 euro bonutan.