Gizartea -

lana

Bi enpresaburu atxilotu dituzte Gipuzkoan, atzerritarrak lanerako esplotatzeagatik

Enpresariek egunean 16 ordu lan egitera behartzen zituzten, eta kexatzen baziren edo hitzartutako soldata kobratzea eskatzen bazuten, etxetik bota eta mantenurako esleipena kentzen zieten.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak Gipuzkoan bizi ziren bi enpresaburu atxilotu ditu, atzerriko herritarren lan esplotazioa egotzita. Egunean 16 orduz lan egitera behartzen zituzten, eta kexatzen baziren edo hitzartutako soldata kobratzea eskatzen bazuten, etxetik bota eta mantenurako esleipena kentzen zieten.

Joan den hilaren erdialdean hasi zen ikerketa, gizon batek Donostiako polizia etxean asiloa eskatu eta Euskadin izandako "lan gertakari traumatiko bat" kontatu ostean, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak astelehen honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Agenteek gertakarien berri eman zieten Gipuzkoako hiriburuko II. Atzerritartasun Talde Operatiboko (GOE) ikertzaileei, eta horiek jakin zuten hainbat enpresatako administratzaile eta bazkide ziren bi enpresaburu (horien artean, komunen erreforman lan egiten zuen bat) harremanetan zeudela atzerriko herritarrekin, Latinoamerikakoak gehienak, eta "lan eskaintza engainagarriak" zituztela.

Jasotako aitorpenen arabera, ondorioztatu zuten bi enpresaburuek 1200 eta 1400 euro arteko soldata eskaintzen zietela Gipuzkoan komunak eraberritzen lan egiteagatik eta, gainera, enplegu eta ostatu kontratua bermatzen zieten, mantenu gastuak barne.

Eskaintza hori ikusita, kaltetuek zorpetzea erabakitzen zuten, "familiak atzean utzita hegazkin billete bat erosi ahal izateko", baina lanean hastean "ohartzen ziren, Espainian bizitzeko eta edonolako lan jarduerarik egiteko baimenikez zutenez, ez zietela lan kontraturik egingo".

Halaber, deskubritzen zuten hitzartutako gainerako baldintzak ez zituztela betetzen; izan ere, enpresaburuek egunean 16 orduz lan egitera behartzen zituzten eta, kexatuz gero edo hitzartutako soldata kobratzea eskatuz gero, etxetik bota eta mantenurako esleipena kentzen zieten, Gobernuko Ordezkaritzak azaldu duenez.

Azaroaren 24aren eta abenduaren 1aren artean atxilotu zituzten enpresaburuak, ustez hurrengo delituak egin izana egotzita: gizakien salerosketa lan esplotaziorako, langileen eskubideen aurkako delituak eta atzerriko herritarren eskubideen aurkako delituak. Jarraian, epailearen esku utzi zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Euskal hiriburuak Albisteak migrazioa Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Gizartea Gaurko titularrak Albisteak